DNA-RNA birus hibrido bat aurkitu dute
2012/05/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kaliforniako Lassen Parke Nazional Bolkanikoko iturri termal batean RNA-birus baten eta DNA-birus baten arteko errekonbinazioz sortua dirudien birus baten genoma aurkitu dute. Orain arte ez zen horrelakorik ezagutzen. Portland State Unibertsitateko ikertzaileek Biology Direct aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.
Boiling Spring lakuko lagin bateko milaka sekuentzia biralen azterketa metagenomikoa egin zuten ikertzaileek, eta ezustekoa etorri zen: orain arte RNA-birusetan soilik ikusitako proteina bat kodetzen zuen DNA-sekuentzia bat aurkitu zuten. Birusaren genoma osoa osatu dute, eta ikusi dute RNA-birusen sekuentzia DNA-birusek soilik duten beste proteina baten sekuentziaren ondoan dagoela. BSL RDHV deitu diote birus berriari (Boiling Spring Lake DNA-RNA hybrid virus).
Ikertzaileek ondorioztatu dute bi birus oso desberdinen errekonbinazioz sortutako hibrido bat dela. Baina ez dakite RNA-birusaren sekuentzia nola pasatu zen RNAtik DNAra, RNA-birus horiek ez baitute bihurketa hori egiteko behar den alderantzizko transkriptasa entzima. Ikertzaileen esanean, aukera bat da RNA-birus batek, DNA-birus batek, eta erretrobirus batek aldi berean zelula bera infektatzea, erretrobirusaren alderantzizko trasnkriptasak RNA-birusaren sekuentzia horren DNA-kopia bat egitea, eta kopia hori DNA-birusaren genoman txertatzea. Edonola ere, ikertzaileentzat harrigarria da ebolutiboki oso urrun dauden bi birus-mota horiek errekonbinatu ahal izatea.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia