}

DNA: etika, sekretuen truke

2003/02/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

DNA biziaren molekula da. Bizidunen sekretuak gordetzen ditu; edozein bizidunenak, gainera. Azken urteotan, bizidun horietako batek ulertu egin du ideia hori, eta bere buruaren sekretuak ezagutu nahi ditu. Irakurri egin nahi ditu DNAn. Baina informazio hori eskuratzearen prezioa arazo etikoen bitartez ordaindu beharko du.

Bizidun horrek, gizakiak, alegia, ez du atzera egiten.

Hasieran, ilarrekin egindako esperimentuetan, herentziaren oinarrizko legeak aurkitu zituen; gero, zelulari so eginda, biziaren informazioa han gordeta zegoela ikusi zuen. Zelula miatu, eta molekuletaraino iritsi zen. Ehun bat urte behar izan zituen biziaren makineria zein den argitzeko, eta kromosoma, gene, proteina, DNA eta beste hitz batzuk asmatu zituen aurkikuntza liluragarri hura deskribatzeko. Gero, DNA irakurtzen ikasi zuen, eta lan horri ekin zion.

Azterketa horrek galdera arriskutsu asko azaleratu zituen. Adibidez, zer gertatzen da biziaren informazioa aldatzen denean? Badago informazio hori aldatzeko aukera. Ez da zaila. Naturak etengabe egiten du. Eta aldaketa horiek, gainera, eboluzioaren oinarria dira.

Hala ere, naturak batzuetan okerreko aldaketa kaltegarriak egiten ditu. Gizakiak hala uste du, behintzat.

Adibidez, Mikronesiako uharte batzuetan istorio bitxi bat gertatu zen: aldaketa baten ondorioz, hango batzuk zuri-beltzean ikusten hasi ziren. Ezin zuten kolorerik ikusi. Erabat galdu zituzten. Tifoi batek, gainera, koloretan ikusten zutenetako asko akabatu egin zituen. Egoera larria zen, baina aurrera egin zuten; urteak pasatu ahala, zuri-beltzean soilik ikusten zuten umeak jaio ziren, eta, beraz, ikusteko modu hori normaltzat hartu zuten. Grisak ondo bereizten ikasi behar izan zuten.

Mendebaldeko gizakiak naturaren akatsa zela uste zuen, eta akats horren jatorria aurkitu zuen. Kromosoma eta gene okerra identifikatu zituen, eta ez hori bakarrik: konpontzeko bidea ere asmatu zuen.

Akatsa konpon zitekeen, eta hori proposatu zioten Mikronesiako uharte horietan bizi zen jendeari. Zuri-beltzean ikusten zuen jendeak, ordea, ez zuen nahi. Konpondu egin behar al zen? Zuri-beltzean eraikitako kultura suntsitu egin behar al zen? Zergatik ziren koloreak zuri-beltza baino hobeak? Gizakiak erabaki beharko du zein den galdera horien erantzuna, baina, gizakia esaten dugunean, jakin behar dugu mendebaldeko gizakiari buruz, Mikronesiakoari buruz edo zeini buruz ari garen.

Argi dago DNAren aldaketa sinple batek arazo etiko galantak ekar litzakeela. Zer gertatzen da, orduan, aldaketa konplexua denean?

Nahita aukeratu dugu adibide sinple bat oraingoan; baina klonazioa, elikagai transgenikoak edo genoma osoaren ezagutza ere aukeran ditugu hausnarketa egiteko.

Ez da, ez, batere erraza sekretuak ezagutzeko bidea.

Herri Irrariarentzat prestaturiko iritzi-artikulua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia