DITEXTO: testu-lanketarako programa
1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehenago ere testu-tratamendu aurreratuenetakotzat kontsideratua bazegoen ere, oraingoan prestazio bikain bat eskaintzen du: scannerraren bidez mekanografiatutako testuak 500 karaktere/minutuko abiaduraz irakurtzen dituen OCR bat (Karaktereen Irakurgailu Optikoa). Zer esan nahi du honek? Ezagunak ditugu jadanik, edo entzunak behintzat bai, scannerrak, eta badakigu haien bidez informazioa ordenadorera tekleatu gabe sar daitekeela. Beraz, zein da OCR honen eginkizuna eta benetako abantaila?
Scannerraren bidez ordenadorera sartzen diren testuak grafiko modura hartzen dira eta testu horiek lantzeko garaian zailtasunak egon daitezke. OCR honekin aldiz, testuak zuzenean DITEXTO formatura pasatzen dira eta tekleatuak izan balira bezalaxe tratatu ahal izango dira.
Edozein letra-mota ezagutu dezake; horretarako edozein irakurle optikok bezala ikasketa-fase bat pasa beharko duelarik. Ikasketa-fasean aztertzen ari den karaktereari buruzko galderak egingo ditu, ezaugarri horiek argi dauzkanean fitxategi batean gordez.
Oraingoz Microtek, AUR, IBM, AGFA, HP, Cannon, AST eta .TIFF fitxategiak sortzen dituen edozein scannerrekin erabil daiteke. Gerora beste batzuekin ere erabili ahal izango da.
Bestalde, paketearen prezioa lehengoan mantenduko da, hau da, 95.000 pta.tan. Prezio ona kontsidera daiteke hau, PCetarako dauden beste antzeko ezaugarrietako OCRak 300.000 pta.tik gora balio dutela kontutan hartzen badugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia