}

Dislexia hizkuntzaren menpe dago?

2001/03/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Dislexia, hau da, irakurtzeko eta idazteko zailtasunak izatea, ohikoagoa da kultura batzuetan bestetan baino. Science aldizkariak argitaratu duenez, dislexia sortzen duen mekanisko neuronala berdin ematen da herrialde guztietan, baina hizkuntzaren arabera, dislexiko gehiago edo gutxiago azaltzen dira.

Dirudienez, hizkuntza batzuetan irakurtzea eta idaztea bestetan baino errazagoa da. Frantsesa eta ingelesa, adibidez, hizkuntza irregularrak dira, hau da, hitzak idazteko eta ahoskatzeko arau korapilatsuak dituzte. Esate baterako, Britainia Handian 1.120 letra-konbinazio dituzte bere hizkuntzak dituen 40 soinu (fonema) adierazteko. Frantzian, berriz, 190 letra-konbinazio baino gehiago erabil ditzakete frantsesak dituen 35 fonemak idazteko.

Italiera, ordea, hizkuntza erregularra da, 33 letra-konbinaziorekin lortzen baitira italieraren 25 fonemak, hau da, ia silaba bakoitzari soinu bat dagokio eta ez dago hori ahoskatzeko beste aukerarik. Horrek idaztea eta irakurtzea errazten ditu; beraz, Italian askoz dislexiko gutxiago daude Britainia Handian baino.

Dislexiaren mekanismoak argitzeko, Milango Unibertsitateko neurologoek ikerketa bat egin dute. Britainia Handiko eta Frantziako unibertsitatetako ikasle dislexikoak aztertu dituzte eta dislexia-zantzuak zituzten unibertsitateko ikasle italiarrekin alderatu dituzte, oso arraroa baita Italiako unibertsitarien artean irakurketa-arazo larriak dituenik aurkitzea.

Egindako ikerketaren arabera, irakurketa eta idazketarekin erlazionatuta dauden burmuineko eremuetan aktibazio-eredu bera ikusi zuten. Hain zuzen ere, ikasle arruntak dutena baino jarduera txikiagoa zuten. Ikerketa horri esker, dislexiaren jatorri neurobiologikoa ezagutzeaz gain, kultura ezberdinen artean azaltzen den aldea hizkuntzen ezaugarrien eraginagatik dela frogatu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia