}

Dislexia ezagutuz

2001/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Otsailaren 15etik 20ra egin den Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Amerikarraren (AAAS) aurtengo bileran berri asko eman dituzte jakitera. Horien artean, Estatu Batuetako Georgetown Unibertsitateko zientzialariek dislexiari buruzko azterketen emaitzak aurkeztu dituzte.

Munduko biztanleen % 5 dislexikoa da, hau da, irakurtzeko arazoak izaten dituzte eta zuzen idazten ikastea ere kostatu egiten zaie. Ikertzaile horiek dislexiaren arrazoia biologikoa dela adierazi dute. Erresonantzia magnetikoaren bitartez, 37 pertsonaren -horietako 20 dislexikoak- burmuina aztertu dute. Bai irakurtzeko baita ikus-mugimendua prozesatzeko, garuneko eremu berdinak erabiltzen direla ikusi dute, baina bietan ere dislexikoen garunak jarduera txikiagoa du.

Orain arte, haurrak irakurtzeko zailtasunak zituela erakusten zuen arte, ez zen dislexia diagnostikatzen. Azterketa hauen ondorioz, berriz, hainbat ikus-jarduera irakurketa-zailtasunarekin erlazionatuta daudela frogatzen bada, umea irakurtzeko adinera iritsi baino lehen ikusi ahal izango da arazorik duen ala ez.

Horretaz gain, dislexiko helduei dagokienez, trebakuntza trinko baten ondoren irakurtzeko gaitasuna % 10-20 hobe daitekeela frogatu zuten. Egunean hiru ordu eta erditan, astean bost egunetan eta zortzi astez ariketa bereziak egin zituzten eta emaitzak erresonantzia magnetikoz ere antzeman ziren, garunaren jardueran aldaketak sumatu baitzituzten. Hori guztia aurrerapauso handia da dislexia, irakurketa eta ikasketa-prozesuak ezagutzeko bidean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia