Elhuyar zientziaren komunikazioa

Diruak Aral itsasoaren zati bat berreskuratu du

2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Diruak Aral itsasoaren zati bat berreskuratu du
2007/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Nazio Batuek esan dutenez, Aral itsasoa lehortzea izan da gizakiak eragindako ingurumen-kalterik handiena. Itsasoa ez da erabat lehortu, baina itsaso bakarra zena bitan banatzeko adina ur galdu du, eta lehortzea ez da geratu. Egoerari buelta emateko, mailegu bat eman zion Munduko Bankuak Kazakhstango gobernuari aurreko hamarkadan, eta bigarren bat emango dio orain. Diru horrek berreskuratzeko bidean jarri du itsasoaren iparraldeko zatia, baina hegoaldekoa, handiena, oraindik ere lehortzen ari da.

Aral itsasoa urik iristen ez zitzaiolako hasi zen lehortzen; sobietarrek desbideratu egin zituzten bi iturri nagusiak, Sir Daria eta Amu Daria ibaiak. Geroztik, desbideratutako ura Kazakhstango eta Uzbekistango kotoia ureztatzeko erabili da gehienbat, hori baita bi errepublika horien ekonomiaren oinarria.

Desbideratzeek ekonomiari lagundu zioten, baina Aral itsasoa lehortzea eragin zuten, eta egoera larria izatera iritsi zen; esate baterako, arrantzaleak itsasorik gabe geratu ziren. Arazoa konpondu beharra zegoen.

Kazakhstango gobernuari Munduko Bankuak emandako lehen maileguarekin --65 milioi dolarrekoa zen--, Sir Daria ibaia birbideratu zuten, eta gaur egun ura Aral itsasora eramaten du, itsasoaren iparraldeko zatira. Gainera, ureztatze-sistemak hobetu zituzten, eta iparraldeko eta hegoaldeko zatiak banatu zituzten, urtegi bat eraikita.

Neurri horiek arrakasta handia izan zuten. Epe laburrean, iparraldeko zatia ura berreskuratzen hasi zen. Ura itzuli zen, uraren gazitasun-maila bere onera itzuli zen, itsas espezie asko ere itzuli ziren eta arrantzaleak arrantzan hasi ziren berriro.

(Argazkia: NASA)

Orain, Munduko Bankuak bigarren mailegu bat eman dio Kazakhstango gobernuari, aurrekoa baino handiagoa, 128 milioi dolar ingurukoa. Gobernua ikertzen ari da zein den diru hori erabiltzeko modurik onena; ustez, iparraldeko zatiak badu erabat berreskuratzeko aukera.

Baina Aral itsasoaren zati handiena hegoaldekoa da, eta, Aral itsasoa berreskuratzeko, hegoaldeko zatia ere berreskuratu behar da. Horretarako, Sir Daria eta Amu Daria ibaiek Aral itsasoan isurtzen zuten ur guztia berriz itsasora iristea lortu behar da, baina kotoiarekiko mendekotasunak ezinezko egiten du hori.

Goiko argazkian, Aral itsasoaren bi zatiak ikusten dira. Iparraldekoak elkarri lotuta dauden hiru lakuren itxura du; ura berde iluna ikusten da, ia beltza. Hegoaldekoa bi laku luzez osatuta dago, haiek ere elkarri lotuta; ezkerreko lakua berde iluna da, eta, itsas hondoa ikusten denez, eskuineko lakuaren berdea argiagoa da. Argazkia 2003koa da (geroztik, iparraldeko zatia handitu egin da, eta hegoaldekoa txikitu). Ikusten den marra beltzak bi errepubliken arteko muga adierazten du. Goiko aldea Kazakhstan da eta behekoa Uzbekistan.

1
232
2007
6
018
Hidrologia; Ingurumena
Berriak labur
11

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia