Dinosauruek harriak jaten al zituzten?
1991/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Optikaren bidez, dinosauruen liseriketa-aparatuetan aurkitutako harrien esangura argitzen ari dira. Badirudi gastrolito izeneko harri hauen bidez animalien urdailean elikagaiak eho egiten zirela.
Mexiko Berriko Alamos National Laboratory delakoan lan egiten duen Roger Johnston, Kim Manley eta Chiryl Lemanski ikerlariek gastrolitoak identifikatzeko teknika optiko bat garatu dute. Teknika honen bidez paleontologoek gauza gehiago jakin ahal izango dute dinosauruen portaerari buruz.
Orain arte gastrolitoei buruz egindako azterketek ez dute arazoa gehiegi argitu. Geologoek, oro har, frogak eskatzen dituzte, aurreko teoria besterik gabe onartu aurretik.
Hiru ezaugarri izan behar dituzte gastrolitoek geologoentzat. Batetik inguruko harriekiko ezaugarri geologiko desberdinak eduki behar dituzte. Bestetik harri biribilak eta ertz gabekoak behar dute izan urdailean minik ez emateko eta azkenik hondakinen artean arrastoren batek agertu behar du.
Azkeneko ezaugarri hau da, hain zuzen ere, arazo-sortzailea; ez bait da hondakinen artean gastrolitorik aurkitu.
Johnston eta bere lankideen ekarpena azken alor honetan kokatu behar da, hau da, gastrolitoen detekzioan. Laser-izpiak erabiliz harri desberdinen ezaugarriak jakin daitezke, gastrolitoenak barne. Teknika honen bidez gastrolito ezezagunak aurkitzea espero da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia