}

Diamanteen kokalekua aurkitu nahian

2010/07/20 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nazioarteko geofisikari-talde batek mundu osoko diamanteen kokalekua aurreikusten lagundu dezakeen mapa bat sortu du. Era horretako lehenbiziko irudia da, eta, hori prestatzeko, kontuan hartu dira Lurraren azaleko prozesu geologikoak zein planetaren barnealde sakonean gertatzen diren dinamikak.

Osloko Unibertsitateko geofisikarien ustez, gure planetaren funtzionamenduari buruzko informazio interesgarria eskainiko die irudi horrek zientzialariei, eta, gainera, diamanteak bilatzeko tresna baliagarria ere izango da.

Ikertzaileek oraintsu baieztatu dute diamanteek lurrazalean duten kokalekua mantutik, urtutako materialarekin, igotzen diren zutabeek dutenaren araberakoa izaten dela. Alegia, diamanteak presio altuko egoeretan eratzen dira, Lurraren mantuan, 150 kilometro baino gehiagoko sakoneran. Eta kinberlitekin (arroka bolkaniko diamantedunak) azaleratu ohi dira. Horrenbestez, geofisikariek adierazi dute mantutik igotzen diren luma estu edo zutabeak non dauden jakinda kinberlita gehienak —eta diamanteak— non dauden ere jakin daitekeela.

Ondorio horretara iristeko, lurrazaleko eremu kontinental zaharrenetan oinarritu dute ikerketa, eta azken 540 milioi urteotako plaka tektonikoen posizioa ere berreraiki dute. Horrela egiaztatu dute kinberliten % 80 zutabeak sortu ziren eremuan azaleratu zirela. Mapan ikusten den bezala, diamantetan aberatsa den Afrikan dago eremu horietako bat.

Irudia: Osloko Unibertsitatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia