}

Diabeteari aurre egiteko dieta

2004/01/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Odoleko glukosa-maila ohi baino handiagoa denean esaten da pertsona bat diabetikoa dela. Gizakiotan, diabetea bi motatakoa izan daiteke. Diabetikoen gutxiengo batek 1 motakoa izaten du, haurtzaroan agertzen dena, areak ezin duelako intsulinarik ekoitzi. 2 motako diabetea, berriz, helduaroan agertu ohi da, normalean, gizentasun-arazoekin batera. Hori da arruntena, diabetikoen % 90-95ek baitute. Dena dela, guztientzat da beharrezko dieta egokia egitea. Fruktosa, sakarosaren ordezkoa

Zer da glukosa?

Glukosa monosakarido sinple bat da. Beroaren edo digestioaren ondorioz, almidoia eta sakarosa hidrolizatzean gelditzen da aske; prozesu hori hesteetan gertatzen da, eta han pasatzen da glukosa odolera. Glukosa gorputz guztiko zelulen janari da, baina, bereziki burmuineko zelulena, haien elikagai bakarra baita.

Arean ekoizten den intsulina hormona ezinbestekoa da odoleko glukosa ehunetako zeluletara igarotzeko. Odolean behar baino glukosa gehiago badago, hau da, hipergluzemia kasuetan, intsulina arduratzen da glukosa glukogeno moduan gibelean eta giharretan biltegiratzeaz. 2 motako diabetean, ordea, lana behar bezala egiteko elementu guztiak egon arren, glukosa ezin da odoletik zeluletara igaro. Ondorioz, zelulek ez dute behar beste elikagai eskuratzen eta diabetikoak gosea sentitzen du. Kasu horietan, pisu egokira jaistea nahikoa da odoleko glukosa-maila bere onera etortzeko.

Diabetearen sintomak

2 motako diabetea odol-analisi sinple batekin detektatu ohi da, odoleko glukosa-maila altua baita gaixotasunaren adierazlea. Baina, badira odol-analisia egiteko erabakia hartzen laguntzen duten hainbat sintoma, esaterako: bat-bateko pisu galera handiak, egarria, gosea, zetosia eta gernuan glukosa agertzea. Jakin ondoren, neurriak hartzea ezinbestekoa da hipogluzemia- edo hipergluzemia-krisialdirik ez izateko eta, funtsean, bihotz-, giltzurrun- eta ikusmen-arazorik ez edukitzeko.

Munduko Osasun Erakundea nahiko kezkatuta dago diabetea asko ari delako ugaritzen. Izan ere, erakunde horren ustez, 2005. urtean 300 milioi pertsona diabetiko egongo dira munduan. Dirudienez, ugaritze horretan eragin zuzena dute herrialde garatuetako elikadura-ohiturek eta ariketa fisiko gutxi egiteak. Hala ere, azken ikerketen arabera, sakarosa (azukre zuria) karbohidrato sinplearen erantzukizuna zalantzan dago. Gainera, diabeteak badu osagai genetiko bat, eta, gure aurrekoren batek diabete arazoak baditu, guk ere izateko aukera gehiago dugu.

Diabete-arazoak dituzten pertsonek dieta berezia egin behar dute odoleko glukosa-maila kontrolpean edukitzeko, baina, aldi berean, arreta berezia jarri behar dute odoleko koipe-mailan eta presio arterialean. Hain zuzen ere, diabeteari buruzko azken biltzarrean adituek nabarmendu zuten ezinbestekoa dela koipeak kontrolatzea. Ondorioz, dieta zorrotza egin behar da glukosarekin, kolesterolarekin eta triglizeridoekin arazorik ez izateko.

Oso kontuz hartu behar dira erraz xurgatzen diren karbohidratoak, adibidez, azukre zuria, eztia, gozokiak, turroiak, mazapanak, pastelak, bizkotxoak, ketchupa… Izan ere, janari horiek jan ondorengo odoleko glukosa-maila azkar igotzen dute eta bat-bateko igoera handiak arriskutsuak dira. Datu hori neurtzeko, kontzeptu berri bat erabiltzen da gaur egun: indize gluzemikoa. Indize gluzemikoak janari jakin batek odoleko glukosa-mailan zenbateko igoera eragiten duen adierazten du, ogiak eragiten duenarekin alderatuta.

Lehen aipatutako janariek indize gluzemiko altua dute, eta horregatik hartu behar dira neurriz. Lekaleek eta zereal integralek, berriz, indize gluzemiko baxua dute, karbohidrato konplexuak edukitzeaz gain, beste osagai batzuk ere badituztelako, adibidez, zuntza. Zuntzak bi modutan eragiten du. Batetik, hesteetan glukosa eta koipeak xurgatzea zaildu egiten du; ondorioz, glukosa pixkanaka xurgatzen da, odoleko glukosa poliki-poliki igotzen da, eta ordu batzuetarako glukosa bermatzen da. Bestetik, glukosa apur bat berarekin batera garraiatzen du gorputzetik kanpora. Zuntza, lekaleek eta zereal integralek ez ezik, frutak eta barazkiek ere badute.

Horiek guztiak kontuan hartuz, diabetikoaren dietak ezaugarri hauek izan behar ditu:

  • Eguneko janariak bost otordutan banatu behar dira, eta, ahal den neurrian, ordutegiak eta kantitateak errespetatu.
  • Otorduetatik kanpo ez deus jan; are gutxiago azukrea edo eztia duen janaririk. Sabela hutsik dagoenean, sakarosak intsulinaren bat-bateko igoera eragiten du; beste janariekin batera hartuz gero, berriz, igoera askoz motelagoa da.
  • Ez hartu inoiz alkoholik edo azukrea duen edaririk.
  • Koipe aseak dituzten janari gutxi kontsumitu.
  • Poliki-poliki jan, ondo murtxikatu.
  • Otorduak ez amaitu janari gozoekin, lehenago gosetuko zara eta.

Azkenik diabetikoentzat oso lagungarria da egunero ariketa fisiko pixka bat egitea; egunero ordu-erdiz ibiliz gero, adibidez, nabarmen hobetzen da odoleko glukosa-maila.

Fruktosa, glukosa eta galaktosarekin batera, ezagutzen diren hiru monosakarido sinpleetako bat da, baina besteek baino gehiago gozatzen du janaria. Horregatik, eta odoleko gluzemia-maila polikiago igotzen duelako, diabetikoentzat saltzen diren janari berezien osagai nagusia da –ohiko sakarosaren ordez erabiltzen dute–. Ugari dira fruktosa duten produktuak; adibidez, gailetak, txokolateak, turroiak, mazapanak, tartak… eta publizitateak jaki horiek nahi adina jan daitezkeela esaten du.

Errealitatea, ordea, beste bat da. Fruktosa duten aitzakian, janari berezi horiek ezin dira nahi adina kontsumitu, batetik odoleko glukosa-mailan eragina badutelako eta, bestetik, odoleko koipe-kantitatea igotzeko ahalmen handia dutelako. Ldl-kolesterolaren (kolesterol txarra) maila igotzea eragiten dute, baita triglizeridoen maila ere. Beraz, diabetikoek kontu handiz hartu behar dituzte glukosa eta fruktosa duten janariak, koipeetan ere aberatsak badira.

Janari berezi horiek alde batera utzita, frutak eta barazkiek berez dute fruktosa. Batez beste, frutak % 1-7 bitarteko fruktosa-kantitatea izaten du, eta, beraz, diabetikoek gehienez bi fruta-ale har ditzakete egunean, mahatsa salbu, ezin baitute inoiz hartu. Erreferentzia bat izateko, eztia, adibidez, % 40 fruktosa da. Hala ere, frutaren heldutasunaren arabera fruktosa-kantitatea aldatu egiten da. Izan ere, fruta heltzen doan heinean almidoia hidrolizatu egiten da. Ondorioz, fruktosa aske gehiago izaten du eta gozoagoa bihurtzen da.

Fruktosa bere horretan xurgatzen da hesteetan, ez da transformatzen. Gero, gibelean, glukosa bihurtzen da, ehunetako zelulek erabili ahal izateko, gorputzak ez baitu fruktosa erabiltzeko baliabiderik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia