}

Despertaferro, eguzki-energiaren abiadura handia

2000/01/23 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Autogintza eta ingurugiroa. Horrela esanda, ez dirudi, ez, bikote oso egokia. Baina izan daiteke. Australian duela lau urtetik auto-lasterketa edo rally bitxi samarra egiten da, SunRace izenekoa. Lasterketan eguzki-energiaz elikatzen diren auto elektrikoek soilik har dezakete parte; beraz, autogintzan energia berriztagarriak bultzatzea du helburu. Aurten, besteak beste, Espainiako ordezkari bat ere izango da kanguroen lurraldeko auto-lasterketarik bitxienean, Kataluniako ikasle-talde batek egin duen Despertaferro prototipoa.

Otsailaren 11n hasi eta hile bereko 20an bukatuko da SunRace 2000 auto-rallya. Sidneytik abiatu, Canberratik iragan eta Melbournen amaitu; horixe dute eginbeharra Australian bilduko diren auto-gidariek. Guztira 1.790 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Auto-rally honen helburuak energia berriztagarrien aldeko apustua egin eta auto elektrikoak garatzea da; horrela, energia berriztagarriak ohiko erregai fosilen gas-emisioek sortzen dituzten poluzio-arazoen alternatiba izan daitezkeela erakutsi nahi da. Despertaferro, ikasleen lanaren emaitza

SunRace 2000 rallyan, besteak beste, Despertaferro prototipoak hartuko du parte. Prototipoa eguzki-energiarekin elikatzen den auto elektrikoa da, Espainian ezaugarri horiek dituela diseinatu eta garatu den lehena. Proiektua ikusita bestelakorik pentsa badaiteke ere, Despertaferro ez da autogintza sektoreko ikerketa-talde handiren baten emaitza, baizik eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikasle-talde batek egin duen lanaren produktua. Prototipoak Australiako auto-lasterketan parte hartzeko izena eman duten beste 50 autorekin lehiatu beharko du.

Despertaferroren erditzea 1997-98 ikasturteen bukaeran hasi zen, Joan Orús-ek proiektuaren koordinatzaileak injinerutza-ikasketak bukatu zituenean. Berak, eguzki-energiaz ibiliko zen autoa egiteko ideia zuenez, bere promozioko hainbat lagunekin batera, ideia garatzeko taldea osatu zuen.

Autoa joan den abenduaren 20an aurkeztu zen, Bartzelonako La Caixa Fundazioko Zientzia-Museoan. Baina ikasleak ez dira horrekin konformatu. Ideia landu eta autoa garatzeaz gain, autoak benetako eginbeharra ere izan dezakeela erakutsi nahi du Joan Orús-en taldeak, horregatik erabaki dute otsailean Australian egingo den rallyan parte hartzea. Hala ere, lasterketan egiten duena egiten duela, ikasle-talde honen asmoa ez da horretara mugatzen, energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi baitute, eta autogintzan aplikatutako energia elektrikoaren arloko ikasketetan sakondu.

Modelo garbia, arina eta azkarra

Idazten duen honen iritziz, izena du itsusien Despertaferro autoak; hortik aurrera, benetan bikaina baita. Autoaren prototipoa 14 hilabetetan egin dute, eta, guztira, garatzeko 21 milioi pezeta -840.000 libera- erabili dira. Aerodinamikaren diseinuari begiratuz gero, Despertaferro ikusgarria dela esan daiteke. Autoak ez du poluitzen, oso arina da -220 kilo ditu-, orduko 105 kilometro har ditzake, eta 5,5 kW-eko potentzia du.

Despertaferro prototipoa pertsona bakarrarentzat diseinatuta dago, gidariarentzat alegia. Segurtasun-zelula batek eta iraultzerako eraztun batek gidaria babesten dute. Autoak hiru gurpil ditu -bi aurrean eta bat atzean-, sei metroko luzera, bi metroko zabalera, eta metro eta erdi altua da. Autoari gehienez 8kW-eko potentzia duen Mavilor motorra jarri diote, 2.300 kW/o.ko 16 bateriako multzo batekin dabil; bateria horiek ibilgailuaren gainaldean dauden plaka fotovoltaikoek jasotzen duten energia pilatzen dute. Australiako rallyan, ibilgailu-laguntzaile batek Despertaferroren abiadura, zurgatzen duen energia, eta tenperatura aztertuko ditu. Lasterketa amaitu eta gero, autoa Bartzelonan egiten den Nazioarteko Autogintza Ferian aurkeztuko da.

Autoaren ezaugarri nagusiak

  • Motorra:
    Mavilor MA-55 DC brushless.
    17 kilogramo.
    84 V.
    Gehienez 6.000 bira minutuko.
    Irteerako potentzia-muga: 8 kW.
  • Abiadura :
    Gehienezko abiadura, 105 km/h.
    Batezbestekoa, 65 km/h.
  • Pisua:
    220 kilogramo.
  • Xasisa:
    Karbonozko zuntzaz egindakoa.
  • Balaztak:
    Motozikletako disko-balazta hidraulikoak, 50 km/h-tik 0 km/h-ra 22 segundotan.

Hirirako ere bai

SunRace 2000 dela eta ez dela, oihartzunik handiena Despertaferrok izan badu ere, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan bada oraindik proiektu-fasean dagoen beste auto elektriko bat ere. Aurrekoak ez bezala, proiektu berriak hiria du helburu. Proiektuaren arabera, autoak 350 kilogramo baino gutxiago izango du eta 45 km/h-ko abiadura hartzeko gauza izango da. Gasolina erabili beharrean bateriekin ibiliko da, 4kW-eko potentzia izango du eta bi lagunendako tokia. Proiektuan parte hartzen ari den ikasle batek dioenez "Gure helburua hirirako ibilgailu bat egitea da, beste hainbat garraiobidek egiten dituzten funtzioak egin ditzan baina askoz ere merkeago: pisu gutxiko merkantziak eraman, ibilbide laburreko bidaiak…. Horretarako maniobrak erraz egin beharko lituzke, txikia izan beharko litzateke, eta, adibidez, motozikleta baino seguruagoa".

Kontsumo eta poluzio txikiari garrantzia eman nahi izan zaie proiektu honetan; horregatik, lanean ari den taldeak behar besteko autonomia bermatuko duen eta poluziorik sortuko ez duen motor elektrikoaren aldeko apustua egin du.

Sektoreko hainbat enpresak dagoeneko interesa erakutsi dute proiektu batean zein bestean. Beharbada, natura zaleek dutena baino motelago, baina ikusten denez poluitzen ez duten energiak apurka-apurka aurrera egiten ari dira sektore guztietan.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia