}

Dengea transmititzen duen eltxoaren genoma aztergai

2007/05/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Dagoeneko bi eltxo ospetsuren genomak aztertu dituzte genetikako laborategietan. Lehenengoa malaria transmititzen duen Anopheles gambiae eltxoaren genoma izan zen; 2002an deskodetu zuten. Bigarrena, denge gaixotasuna zabaltzen duen Aedes aegypti eltxoarena, ez dute guztiz deskodetu, baina kodearen ‘lehen zirriborroa’ aurkeztu berri dute Virginia Tech erakundean; zientzialariek espero dituzten geneen % 80 aurkitu dituzte.

Bi eltxoek mikrobio bana infektatzen dituzte ziztatzean (malariarenak protozoo bat eta dengearenak birus bat), baina horrek ez du esan nahi antzekoak direnik. Oso eltxo ezberdinak dira; bi eltxoren artean egon daitekeen alderik handiena dute. Eboluzioan, duela 150 milioi urte banatu ziren, eta oso bide ezberdinak egin dituzte. Dengea transmititzen duenak askoz genoma handiagoa du malariarenak baino, bost aldiz handiagoa, eta, hala ere, gene-kopuru bera dute bi eltxoek.

Azalpena kode genetikoaren errepikapenean datza. Aedes aegypti eltxoak askotan errepikatzen diren sekuentzia asko ditu genoman; bi eltxoek dituzte sekuentzia errepikatuak, baina, dengearenean, errepikapen horiek genoma osoaren % 50 osatzen dute. Genetikan, sekuentziak errepikatzea ez da alperrik izaten, informazio bera hainbat aldiz egoteak bizidunaren konplexutasuna handitzen baitu askotan.

Sekuentzia deskodetzeko lana bukatu gabe dago, baina nazioarteko talde handi bat ari da lan horretan, Virginiako taldeak koordinatuta. Informazio osoa eskuratzeaz gain, zientzialarien asmoa da sekuentzia errepikatuak manipulatzea. Horrela, eltxoak dengearen birusarekin nolako harreman genetikoa duen argitu nahi dute.

Argazkia: PD-USGov-HHS

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia