}

Denborari neurria hartuz

2004/12/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Laster urte berria hasiko da, eta denok hamabi kanpai-hotsen zain egongo gara. Horiek adierazten dute urte berrian sartu garela; gure egutegian, noski. Beste kultura eta herrialde batzuetan ez baitute orain ospatzen urte berriaren hasiera. Hala ere, denek dute denbora neurtzeko beharra. Eta, gainera, hasiera-hasieratik sentitu zuten behar hori gizon-emakumeek.
Denboraren pertzepzioa erabat subjektiboa da, eta horrek are beharrezkoagoa egiten du denbora zehaztasunez neurtzea.

Izan ere, jakina da denbora ez dela berdin igarotzen gustura ala aspertuta egon, nahiz eta denbora-tartea bera izan kasu batean zein bestean. Denboraren pertzepzioa hain subjektiboa izateak are beharrezkoagoa egiten du denbora neurtzeko era objektibo eta zehatz baten beharra.

Denbora neurtzeko lehen sistema gauaren eta egunaren txandakatzea izan da. Ilargi-aldiei erreparatuta, berriz, denbora-tarte luzeagoak neurtzeko eta izendatzeko aukera izan zuten aspaldiko gizon-emakumeek. Duela 20.000 urteko aztarnetan, gizakiak markatutako eta zulatutako hainbat hezur eta makila aurkitu dituzte arkeologoek. Dirudienez, marka horiek ilargiaren faseak adierazten dituzte.

Neurriaren eta harea-kantitatearen arabera, minutu gutxitik hasi eta hainbat ordutara arteko denbora-tarteak neur ditzakete harea-erlojuek.

Garai haietan, gizon-emakumeak naturarekin bat eginda bizi ziren. Ehizatzen zituzten animaliak eta biltzen zituzten fruituak jaten zituzten, eta leku batean janaria gutxitzen hasten zenean beste norabait jotzen zuten. Ondo ezagutzen zuten natura; beraz, bazekiten non sartzen zen Eguzkia, zein ziren Ilargiaren faseak eta nola mugitzen ziren planetak.

Geroago, Neolitoan, gizakia nekazari bihurtu zen, eta horrek erabat aldatu zuen haren bizimodua. Sedentario egin zen, eta hazten zituen landareetatik eta abereetatik bizi zen. Orduan ere beharrezkoa zuten denboraren joana neurtzea; Eguzkia eta Ilargia ziren haien erlojua, eta zeruan hartzen zuten posizioek adierazten zieten noiz zen hazia ereiteko edo uzta biltzeko sasoirik onena.

Naturan Eguzkiak agintzen zuela ikusi zuten; hortaz, ahalguztiduna zela sinesten zuten, eta gaur arte iraun dute miresmen horrek sortutako ohituren eta erritoen islak. Eguberria horren adibide garbia da. Neguko solstizioan ospatzen da, eta orduan hasten da ernetzen hazia lur azpian. Nekazariek suaren eta sakrifizioen bidez elikatzen zuten Eguzki jaioberria. Beste muturrean, San Joan bezperan pizten diren suak udako solstizioaren oihartzuna dira, Eguzkiaren indarra eta garaipena ospatzen zuten garaien oihartzuna.

Eguzkia eta itzala

Erloju astronomikoak ez dira ordua ematera mugatzen.

Beren jarduerak aurrera eramateko, nekazariek nahikoa zuten naturari erreparatzearekin. Jarduera haiekin lotutako jaiak eta egun sakratuak zein ziren esatea, berriz, erlijio-gizonei zegokien, eta haiek bai, haiek zehatzak izan behar zuten. Haiei zor zaizkie, beraz, egutegiak, eta baita astronomian izandako aurrerapenak ere. Izan ere, haien esku zegoen zientzia hura, eta herritarrak menderatzeko erabiltzen zuten askotan. Nola ez zuten errespetatuko eguna gau bihurtuko zela zekien hura? Eklipsea noiz gertatuko zen jakiteak botere handia ematen zuen, zalantzarik gabe.

Onar ezazu: horrelakoetan, ordaindu egingo zenuke inoiz inork ordularirik ez asmatzeagatik!

Orduan jaio ziren lehen ordulariak, eta gehienak Eguzkiak puntu jakin batean jotzean sortzen den itzalean oinarritzen ziren. Hau da, eguzki-erlojuak ziren. Eguzki-erlojuak zibilizazio guztietan erabili izan dira, esate baterako, Txinan, Indian, Egipton eta Grezian. Oraindik ikusten dira mota horretako erlojuak hainbat elizatako hormetan, eta antzinagoko garaietako arrastoak ere iritsi dira gureganaino.

Esaterako, duela 5.500 urte inguru egiptoarrek altxatu zituzten obeliskoek zutik diraute toki batean baino gehiagotan. Obeliskoak proiektatzen zuen itzalak eguerdia noiz zen adierazten zien herritarrei, eta baita zein ziren urteko egun luzeena eta laburrena ere. Geroxeago, marka batzuk egin zituzten obeliskoen inguruan eguna zati gehiagotan banatzeko.

Antzinako egiptoarrek obeliskoak eraiki zituzten, eta haiek proiektatutako itzalaren arabera jakiten zuten zer ordu zen.

Orduak markatzen zituen lehen eguzki-erlojua, berriz, K.a. VIII. mendean asmatu zuten. Tresna hari esker, eguna hamar zatitan banatzen zuten, eta bazituen beste bi marka egunsentia eta ilunabarra noiz ziren zehazteko. Tresna hark bi hagatxo zituen, bata oinarria zen eta lurraren gainean jartzen zen horizontalean, eta bestea hagatxo horren muturretako batean jartzen zen gurutzatuta. Goiko hagatxoaren muturretako batek oinarrian ematen zuen itzala, eta oinarri hartan zeuden markatuta itzalaren araberako orduak. Tresna ekialderantz jartzen zen goizetan, eta eguerdian biratu egiten zen arratsaldeko orduak eman zitzan.

K.a. III. mendean, Babilonio Berosus astronomoak eguzki-erloju hemisferiko bat egin zuen. Kubo baten barruan, zulo hemisferiko bat utzi zuen, eta haren goialdean hagatxo bat jarri zuen. Zuloan orduak zeuden markatuta, urte-sasoiaren arabera gainera, eta hagatxoak ematen zuen itzalak adierazten zuen zer ordu zen. Erloju hartan oinarrituta asmatu zuten hemizikloa, eta hura XIV. mendera arte erabili zen. Beraz, gerora sortu diren eguzki-erlojuak hasierako haien aldaerak dira. Betiere, aldaketak zehaztasun handiagoa lortzeko egin dira.

Ura, harea eta sua

Mendetan, kanpai-hotsen bidez jakin du herriak zer ordu den.

Eguzkitan, nahikoa da edozein objektuk proiektatzen duen itzala denboraren joana neurtzeko. Zer egin, ordea, gauez? Galdera horri aspaldi eman zioten erantzuna. Adibidez, antzinako egiptoarrek klepsidrak erabiltzen zituzten. Lehenengo klepsidrak buztinezko ontzi bat ziren, neurri bateraino urez beteta, eta hondoan zulotxo bat zuten. Zulo hartatik abiadura konstantean ateratzen zen ura; beraz, ontzia hustu ahala denboraren joana kalkula zezaketen. Hala, ontzian egindako marken bidez adierazten zuten ordua.

Atenasko auzitegietan, hizlari bakoitzak zenbateko tartea zuen jakiteko erabiltzen zituzten ur-erlojuak, eta Erroman, berriz, gaueko zaintzako txandetarako.

IX. mendean, Su Song zientzialari eta funtzionario txinatarrak uraz baliatzen zen erloju astronomiko bat asmatu zuen, oso konplexua. Erlojua sei bat metroko dorre bat zen. Goian ur-biltegi bat zuen, eta handik isurtzen zen urak gurpil baten palak jotzen zituen. Gurpilak hainbat mekanismo mugiarazten zituen, eta haien bidez erlojuak orduak ematen zituen, gong- eta danbor-hotsez adierazita. Halaber, izarrak eta konstelazioak zituen zeruko esfera bat ere mugitzen zuen. Erloju hura nahiko zehatza zen, eguneko bi minutuko errorea besterik ez baitzuen.

Aspaldiko kulturek ondo ezagutzen zituzten astroak eta naturaren zikloak.

Klepsidren antzera funtzionatzen dute harea-erlojuek, baina uraren ordez harea erabilita. Harea-erlojuek beirazko bi ontzi izaten dituzte, bata bestearekin komunikatuta. Harea horietako batean dago, eta bestera abiadura konstantean igarotzen da. Azken harea-alea pasatzen denean, erlojua irauli behar da.

Erlojuaren neurriaren eta harea-kantitatearen arabera, harea-erlojuek minutuak edo orduak adierazteko balio dute. Nonbait, Karlomagnok zuen harea-erlojua hain zen handia, ezen 12 ordutik behin besterik ez baitzen irauli behar.

Erloju atomikoa da gaur egun dagoen ordulari zehatzena.

Dena dela, klepsidrak eta harea-erlojuak gauez denbora neurtzeko oso baliagarriak diren arren, gauerako egokienak kandelak dira agian. Izan ere, gaua argitzeaz gain, denbora neurtzeko ere balio dute kandelek. Argizarian markak egiten zituzten aurrez, eta desegindako argizaria nora iritsi zen begiratuz jakiten zuten zer ordu zen.

Erloju mekanikoak

1267-1277 urteetan Alfontso X.a Jakitunaren Astronomiari buruzko jakintzaren liburuak idatzietan azaltzen dira erloju mekanikoen lehen aztarnak. Erloju haien motorra pisuen bidez mugitzen zen. Soka baten muturrean pisu bat jartzen zen, eta bete muturra danbor birakari batera lotu eta haren inguruan biltzen zen. Pisua, grabitatearen indarragatik, jaitsi egiten zen eta sokak, askatzean, danborra mugiarazten zuen.

Eguzki-erlojuak ohikoak dira oraindik ere elizetako paretetan edota lorategietan, adibidez.

XV. mendean bi asmakuntza izan ziren: malguki-motorra eta Leonardo da Vinciren konoidea. 1505ean, malgukien bidezko motorra zeukaten erloju txiki-txikiak egitea lortu zuen Peter Henlei alemaniarrak. `Zakuko erlojuak´ deitzen zieten, poltsa baten barruan eramaten zituztelako. Ordu oro jotzen zuten eta 40 ordu irauten zuten.

Laster zabaldu zen aberatsen etxeetan horma-erlojuak jartzeko ohitura. XVII. mendean pendulu-erlojuak iraultza ekarri zuen. Christiaan Huygens zientzialari holandarrak asmatu zuen, oso zehatza zen eta segundoak kontatzeko aukera ematen zuen. Hala ere, pendulua erlojuetan erabiltzeko ideia ez zen berea; 1636an Galileo Galileik proposatu zuen hori egitea, baina ordurako zahartuta eta itsututa zegoen, eta ez zuen ideia gauzatzerik izan.

Eklipse bat noiz gertatuko zen jakiteak botere handia ematen zien erlijio-gizonei.

XVII. mendearen bukaeran, `tipula´ izeneko erlojuak jarri ziren modan; gizonezko dirudunek txalekoaren poltsikoan eramaten zuten, eta emakumezkoek gerritik zintzilik. Orduan, erlojuak luxuzko objektuak ziren, benetan garestiak, eta goi-mailakoek bakarrik zuten erlojuak izateko eta erabiltzeko aukera.

Erlojuak denen eskura

Kontatzen dutenez, eskumuturreko lehen erlojua Napoliko erreginak eskatuta egin zen, 1812an. Baina emakume batek eskatuta sortu bazen ere, gizonezkoek erabiltzen zuten gehienbat. Adibidez, XX. mendearen hasieran, Lehen Mundu Gerrako goi-karguek erabiltzen zituzten, eta horrek asko lagundu zuen eskumuturreko erlojuak hedatzen.

Klepsidren diseinua benetan sinplea edo oso konplexua izan zitekeen.

1929an, Warren Albin Marrisson erlojugile estatubatuarrak kuartzozko erlojua asmatu zuen. Erloju haren errorea 30-0,3 segundokoa zen urteko; hau da, inoizko erloju zehatzena zen. Egiteko, kuartzozko kristalak erabili zituen, kristal horien bibrazioa konstantea baita, eta, bibrazio hori korronte elektriko bihurtuta, zehaztasun osoz mugitzen da erlojuaren motorra. Gaur egun oraindik erabiltzen dira kuartzozko erlojuak.

1957an, berriz, lehen erloju elektrikoak azaldu ziren. Pila txiki batek emandako energiak mugiarazten du erloju horien motorra, eta oso-oso zehatzak dira. Hala ere, zehatzenak ordulari atomikoak dira. Ordulari horiek zesio-atomoaren bibrazioan oinarritzen dira, eta 30.000 urteko segundo baten errorea besterik ez dute. Denbora hainbesteko zehaztasunez neurtzea lortu den arren, ez uste zientzialariek ikertzeari utzi diotenik; orain hidrogenoren ezaugarrietan oinarritutako erlojuekin ari dira lanean. Erloju horren errorea 3 milioi urteko segundo batekoa izango litzateke. Alajaina! Eta gu, kanpai-hotsen zain.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia