}

Dardarizoaren gaixotasuna

2000/04/30 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Duela pare bat aste, Parkinson gaixotasunaren Mundu Eguna izan zen. Horrelako egun ofizialen atarian berri ugari sortzen direnez, Parkinsonarena ez zen salbuespena izan. Hala ere, tartean, izan zen berri deigarririk ere, esate baterako Nafarroako Unibertsitateko Jose A. Obeso neurologoak egindakoa. Hark adierazi zuenez, terapia genikoaren eta teknika kirurgikoen bitartez hurrengo hamarkadan Parkinsona sendatu ahal izango da. Erretzaileek Parkinsonarekiko duten ezohiko erresistentziarena ere bitxia da.

Parkinsonen gaixotasuna nerbio-sistemari erasotzen dion gaixotasuna da. Parkinsonak mugimenduaren kontrola eta koordinazioa nahiz giharren zalutasunari eta jarrerari eusteko ardura duten garuneko alderdietan izaten du eragina. Garunaren egitura horietako batean, dopamina substantzia dago; hots, mugimenduen eraginkortasuna eta harmonia erregulatzen dituen susbtantzia. Parkinson gaitza dopamina-kopurua gutxitzen denean sortzen da. Gaixotasuna James Parkinson mediku ingelesak deskribatu zuen lehenengoz 1817an.

Parkinsonaren sintomak

Dardara, giharretako zurruntasuna eta mugimenduari ekiteko geldotasuna eta zailtasuna gaixotasun honen oinarrizko adierazle izaten dira. Sintoma horiek bakanka edo batera ager daitezke, gorputzaren atal batean nagusitu daitezke, edo eta sintoma bat besteak baino nabarmenago ager daiteke.

Gaixotasunak gaixotik gaixora ezaugarri desberdinak izan ditzakeen arren, eta botikekiko erantzunak hainbat izaten diren arren, Parkinsonaren hasiera identifikatzen lagun dezaketen sintoma ezagunenen multzoa aipatzea badago:

- Aurpegiaren espresio eza eta mugimenduak burutzeko baldartasuna. Mugimendu esatean, automatikoak (begiak kliskatu, irentsi, ibiltzean besoak kulunkatu…) nahiz borondatezkoak (jantzi, aulkitik altxatu, idatzi…) hartzen dira kontuan.

- Dardara nabarmenagoa izaten da geldialdian, eta borondatezko mugimendua dagoenean gutxitu egiten da.

- Gorputzadarrak mugitzeko erresistentzia edo malgutasun eza. - Gorputz enborra eta burua aurrera makurtzea eta ukalondo eta belaunen giltzaduren flexioa. Gaixotasuna dutenei zaila egiten zaie oreka gordetzea, eta erortzeko arriskua izaten dute.

- Estropezu egin edo oreka galdu eta gero, zuzentzeko arazoak izaten dituzte.

- Ibilera pauso laburrekin egiten da. Blokeatze aldiak izaten dituzte (oinak lurrean itsatsiko balira bezala) eta ibileraren erritmoaren zakartasuna nabarmena izaten da, pauso azkar-azkar eta nahasiak.

- Idazkera txikia eta irakurtezina.

- Depresioak izateko joera.

- Idorreria eta gehiegizko listu-sortzea.

Norengan du eragina?

Adinekoen gaitza dela uste den arren, hori ez da egia borobila, 30 eta 40 urte bitartean Parkinsona hastea ez baita arraroa. Arrazen arteko bereizketarik ez du egiten gaixotasun honek, munduko herrialde guztietan ikus baitaiteke; eta jokamolde bera du sexuari dagokionez.

Dauden datuen arabera, 100.000 biztanleko urtero 20 kasu berri agertzen dira. Gazteagoen artean arraroa ez den arren, batez ere 55 urtetik gorakoei eragiten die; hortik gorakoen % 1ek du Parkinsona. Nahiz eta datuak ez izan erabat zehatzak, uste da Euskal Herrian gaixotasun hau duten 4.000 eta 5.000 lagun artean daudela.

Parkinson gaitzaren jatorria ez da ezagutzen, zerk eragiten du garuneko dopamina gutxitzea? Galderari erantzun nahian, munduan zientzialari ugari ari dira ikerketa egiten, baina oraingoz ez da erantzun fidagarririk jaso. Dena den, sarreran aipatzen zen bezala, badirudi irtenbidea gero eta gertuago egon daitekeela.

Irtenbidea aurkitu arte, gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko ahaleginak egiten dira. Gaur egun, Parkinsonen gaixotasuna modu eraginkorrean kontrolatzeko eta tratatzeko gaitasuna badago, sintoma gehienak leuntzeko botikak erabiltzen baitira. Tratamendua dopamina hartzean oinarritzen da, etengabe ematean alegia. Horrela jokatuz gero, hainbat hilabete igaro eta gero emaitzak onak direla ikusi da. Hala ere, gaixotasuna ez da desagertzen, sintomak gerarazi eta moteldu egiten dira. Horrela, gaixoen egunero bizitzan urte batzuetan ez da etenik nabarmentzen. Gaur egungo botikekin, sintoma nagusi gehienak kontrolatzeko modukoak dira eta, horretaz gain, gaixoak bere gaixotasuna onartu eta berorri egokitzen bazaio -mugak gorabehera- bizitza independientea egiteko aukera du.

Erretzea ona Parkinsonarentzat?

Hala dirudi. Estatistiken arabera, behintzat, argi dago hori, erretzaileek Parkinsona gutxiago izaten baitute. Hala ere, estatistikak ez dira horren zergatiak agertzeko gai izan, zientzialariak, berriz, bai. Tabakoaren osagaietako bat naftokinona konposatua da. Konposatu horrek burmuinean dagoen entzima batean -monoamino oxidasa (MAO)- eragiten du. Berez, burmuineko jarduera kimiko arruntean, MAOak neurotransmisoreak -dopamina, serotonina, norepinefrina…- zatitzen ditu. Estatu Batuetako Virginia Tech ikerketa-zentroko ikertzaile batzuek ondorioztatu ahal izan dutenez, tabakoak MAOaren lana eragotz dezake.

Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek laborategiko saguekin egin dute lan. Saguei MPTP droga eman zieten, Parkinsonen gaixotasunaren antzeko gaixotasuna sortzen duen droga. Droga hori 1980. urtean atera zen merkatura, heroinaren eragina murritz zezakeelakoan, baina dosi altuetan hartu zuten drogazaleek Parkinson-sintomak izan zituzten. Saguekin ikusi denez, naftokinonak Parkinsonarekiko benetako babesa ematen du. Kontuan hartu, dena den, tabakoa Parkinsonarentzat ona izan daitekeela dirudien arren, oro har, osasunarentzat -eta poltsikoarentzat- oso kaltegarria dela.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia