}

Crack droga; azken izurritea

1990/05/01 Bardino von, K. Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Crack” izeneko droga Iparramerikako bazter guztietara hedatu da, baina Europan ere eros daiteke; iaz agertu bait zen Britainia Haundian eta Frantzian pertsona azkar hiltzeko aproposa den droga hau.

1985. urteaz gero Estatu Batuetako hiri handitan berebiziko kalteak egin ditu. Kokainaren ondoren etorritako droga hau, heriotz trafikatzaileentzat aberaspide azkar eta emankorra da. Iturria, Peru, Kolombia eta Bolivian hazten den Erythroxylum coca izeneko landarean du. Zuhaiska honen hostoetatik, erreakzio kimiko askoren ondoren hauts zuria lortzen da; kokaina klorohidratoa hain zuzen.

Cracka, kokaina klorohidratotik ateratzea, oso erraza da. Kokaina klorohidratoari ura eta karbonatoa (Na 2 CO 3 ), sodio bikarbonatoa (HNaCO 3 ) edo amoniakoa (NH 4 OH) eranstea aski da. Prozedura honek baditu bere abantailak. Batetik cracka tabakoaren antzera erre egin daiteke eta bestetik kokaina-hautsaren propietate farmakologikoak mantendu egiten ditu. Kokaina klorohidratoa zigarroa bezala erretzen denean (marihuanarekin nahastuta askotan), beroaren eraginez %1ek bakarrik gordetzen ditu ezaugarri farmakologikoak (atseden-sentsazioa, euforia, kitzikapena). Cracka erretzen denean berriz, %84ek gordetzen ditu ezaugarri horiek.

Crack eran errez gero, kokainak bapateko efektua du. Berehalako “flash”aren ondoren, euforiak minutu batzuetan irauten du, baina gero dakarren larrialdia ez da badaezpadakoa. Berehala bultzatzen ditu erretzaileak dosi gehiago hartzera.

Crakca fabrikatzeko teknikak, 1974.ean Kalifornian aurkitutako Free Basing izeneko prozeduran du oinarria. Helburua, kokaina klorohidratoa kokaina-pastaren antzeko bihurtzea da, gero erre ahal izateko.

Crack-pusketak zigarrotan, urezko pipatan ala Coca-Cola-pote hutsetan erretzen da. Urezko pipatan crackaren ke beroak hoztu egiten dira uraren eraginez arnasean barnera sartu aurretik. Coca-Cola-pote hutsean erretzeko, poteari mailatu bat egiten zaio eta bertan zulotxo batzuk ere bai. Potea horizontalki ipintzen da, gero keak hozteko barnean ur-pixka bat duela. Crack-pusketak mailatuko zulotxo gainean ipintzen dira eta metxero batez su ematen zaio. Erretzaileak poteari edateko egiten zaion zulotik tiratzen du kea barnerantz. Kokaina-pastak zaratatxoa ateratzen du erretzen denean eta zaratatxo horren antzekoa da hain zuzen crack hitza ahoskatzean ateratzen dena.

Kea gorputzera sartzen denean sei bat segundotan garunera heltzen da, flash deituriko efektua sortuz. Efektu horren antzekoa izaten da kokaina benaren barnera injektatzen denean. Kokaina-molekula nolanahi ere, odolaren bidez heltzen da garunera. Crack-erretzaileari, kokaina biriketatik pasatzen zaio odolera eta odoletik garunera.

Lehenbizi presio arteriala igo egiten da eta bihotz-taupadak azkartu egiten dira takikardia eraginez. Gero ikara, burukomina, gorakoa eta beherakoa sentitzen dira. Biriketako konbultsioak ere izan ditzake erretzaileak, arnasa gelditu (apnea) eta hil ere egin daitekeelarik.

Guzti horrekin batera, erretzaileak beste sintoma psikiko batzuk ere baditu: euforia, indar-sentsazioa, sexu-zaletasunaren areagotzea, hiperkitzikapena eta aluzinazioak. Sintoma horiek hamabostetik hogeitamar minutu bitartean irauten dute eta gero emeki-emeki ordubetean edo bi ordutan desagertu egiten dira.

Efektu hauek, kokainaren eragin neurobiologikoak kontutan hartuta esplika daitezke; kokainak garuneko nerbio-zelulen (neuronen) funtzionamendua asaldatzen bait du (dopamina edo atseden-sentsazioarekin loturiko neurotransmisorea sortzen dutenena batez ere).

Neuronak izar-formako zelulak dira. Nukleoa dute eta dendritak eta axona osatzen dituzten besoak ere bai. Axonaren amaieran, besoaren muturra zelula-gorputzaren ala beste neurona baten dendritaren ondoan dago. Tartean dagoen espazioari sinapsia deitzen zaio. Bi neuronen artean komunikazioa, sinapsian jariatutako substantzia kimikoen bidez egiten da.

Nerbio-pultsua zelularen gorputzetik axonera hedatzen den bitartean, substantzia kimiko bat jariatzen da; neurotransmisore izenekoa hain zuzen. Neurotransmisoreak ondoko neuronaren mintzari eragingo dio eta horrela nerbio-pultsua neuronaz neurona hedatu egiten da. Nerbio-informazioa transmititu ondoren, sinapsia geldirik mantentzen da hurrengo nerbio-pultsuaren zain. Neurotransmisore kimikoa, espazio sinaptikoan dauden entzimek desegin egiten dute edo neurona presinaptikoaren axoneko ertzek berreskuratu egiten dute.

Azken sistema hau da interesgarria gure kasuan neuronatan dopamina jariatzen denean. Kokaina kontsumitzen denean, neuronetako axonetan dopaminarik ez da berreskuratzen eta nerbio-pultsuak etengabe irauten du neurona artean atseden-sentsazio jarraia sortuz. Baina odoleko kokaina-kontzentrazioa jaisten denean, dopamina berreskuratu egiten dute neuronek, nerbio-pultsua desagertu egiten da eta drogazalea egoera errealera itzultzen da. Drogazaleak etengabeko atseden-egoeran irautea nahi izaten du eta berriro ere droga hartzera bultzatuko duen eragin gaindiezina sentituko du. Gero eta dosi gehiago hartu behar izaten ditu orduan eta azkenean gaindosiaz hiltzea ez da harrigarria izaten.

Glukosak garunean duen metabolismoa erakusten da. Kokainazalearengan metabolismoa baxuagoa da pertsona normalarengan baino.

Kokainaren eragin hilgarri hau laborategian arratoi eta tximinoekin frogatu ahal izan da. Kateter txiki bat sartzen da animaliaren jugularretik bihotzeraino eta bizkarrean egindako zulotxo batetik ateratzen da kanpora. Kateterrak kokainaz betetako xiringa bat du muturrean. Animaliak laster ikasten du kaiolako palanka bati eraginez odolera dosia joaten zaiola eta atsegin-sentsazioa desagertzen zaionean, palankari eragiten dio berriro. Horrela jokatzen du behin eta berriz gaindosiaz hil arte.

Crackaren efektua joaten denean, erretzaileak oso egoera txarrean aurkitzen du bere burua. Depresioak eta paranoiak jota, bere inguruan indarkeriaz jokatu ohi du. Gainera, HIES gaitza hedatzeko sistema ona da crack-erretzailea izatea, gezurra badirudi ere. Hasieran propaganda maltzurrak xiringarik ez dela erabiltzen dio; beraz, cracka erreta HIES transmititzeko arriskurik ez dagoela. Hori egia da, noski; baina txanponak badu aurpegi ilunagoa ere. Izan ere erretzaileak drogaren eraginez sexualki ohizkanpoko portaera izaten du eta orduan kutsatzen dira HIES gaitzaz.

Gizartearentzat eta erretzailearentzat cracka erabat kaltegarria dela behin eta berriz azpimarratu beharra dago, aldi berean trafikatzaileentzat berebiziko negozioa da. Gramo bat kokainarekin 800 miligramo crack (hamar dosi) ateratzen dira. Kokaina klorohidratoaren forman dagoenean, drogak kloro-atomoak ditu, baina cracka fabrikatzean amoniakoak (adibidez) kloro-atomoak erauzi egiten ditu. Kokainari kloroa kenduta pisua galdu egiten du zerbait drogak, baina crack-dosi batek eranskinak ere izanik 80 miligramo pisatzen ditu eta ez 160 miligramo kokaina-dosiak bezala. Horregatik kokaina-pastaren kilo bati crack moduan kokaina moduan baino lau aldiz diru gehiago ateratzen diote. Estatu Batuetan crackaren bidetik 10.000 dolar ateratzen dituzte eta 2.400 dolar kokainaren bidetik.

Arazorik larriena Estatu Batuetako hiri handietan dago. Iaz hamabi milioi kokainomano zeudela kalkulatzen zen. New Yorken bakarrik, milioi bat drogazale zegoen; biztanleria osoaren %10.

Europan kokainaren eta crackaren arazoa oraindik ez da hain larria, baina oso kezkagarria bai. Agian kokainaren prezioak zerikusia izango du horretan. Estatu Batuetan kokaina gramoa 600 eta 1.200 pezeta bitartean kostatzen da eta Europan hamar aldiz gehiago. Hori ordea, salmenta-estrategia besterik ez da. Azokara produktu berria sartzen denean prezioa altua izaten du hasieran, baina eskariak gora egiten duenean prezioa jaitsi egiten da. Beste hitz batzuetan esanda, drogazalearentzat hiltzea azkarragoa eta merkeagoa izaten da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia