}

COVID-19aren txertoen eta hilekoaren asalduren arteko erlazioa baieztatu dute

2022/11/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19aren-txertoen-eta-hilekoaren-asalduren-art
COVID-19aren txertoek, zenbait kasutan, hilekoaren zikloa luzatzea eta odol-jarioa handitzea eragin dutela baieztatu dute. - Arg. Pixabay

2022ko urrian, hilekoaren odol-jarioa handitzea COVID-19aren mRNA-txertoen (Moderna eta Pfizer) albo-ondorioetan sartu zituen Sendagaien Europako Agentziak (EMA), farmakozaintzaren batzordearen gomendioz (PRAC). Kasu gehienak arinak eta iragankorrak zirela ere aipatu zuen. Orain, Science aldizkariak argitaratutako artikulu batek berretsi du COVID-19aren txertoek odol-jarioak handitzea eragin dutela zenbait kasutan, baita zikloa luzatzea ere. Batez ere, AEBko eta Erresuma Batuko datuak aztertu dituzte ondorio horietara iristeko, eta ziklo menstrualaren eta immunitatearen arteko erlazioa ikertu behar dela ere aldarrikatu dute.

Artikuluan azaldu dutenez, beste txerto batzuekin ere azaldu izan dira asaldurak hilekoaren zikloan. COVID-19aren txertoen albo-ondorioak biltzeko sistemek albo-ondorio larriak jasotzeko prestatuta zeuden; ez, ordea, asaldura arinagoak, eta horien artean daude hilekoaren gorabeherak. Alabaina, farmakozaintzako sistemen, saio klinikoen, eta emakumeen adierazpenak jasota, baieztatu dute erlazioa dagoela COVID-19aren txertoen eta hilekoaren asalduren artean.

Bi ondorio dira ohikoenak: batetik, hilekoaren zikloa luzatzea, eta, bestetik, odol-jarioa handitzea. Horren zergatia aztertuta, baztertu egin dute txertoen osagairen baten ondorioz izatea. Aitzitik, uste dute hilekoaren hormonen funtzionamenduan eta immunitateak umetokiaren zelulen berritzean duten zereginean eragiten dutela. Lehenak zikloaren iraupenean eragingo luke, eta, bigarrenak, odol-jarioan.

Ondorioak arinak eta iragankorrak badira ere, ikertu egin behar direla iritzi diote ikertzaileek. Are gehiago, ziklo menstrualaren eta immunitatearen arteko erlazioa, oro har, nahiko ezezaguna dela onartu dute, eta ikertu egin behar dela aldarrikatu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia