Chalenge proiektua
1993/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Beste enpresa batzuekin batera “Ibermatica”k garatutako CHALENGE proiektua, otsailaren 26an adituz osatutako Europako batzordeak onartu egin zuen.
CHALENGE proiektua ESPRIT programaren barruan dago eta Europako Elkarte Ekonomikoak eta parte hartu duten enpresek finantzatu dute.
Proiektu hau EDI (Electronic Data Interchange) komunikazio-sistemaren garapenean oinarrituta dago. Sistema horren helburua, erakundeen arteko informazio-bidalketak automatizatzea da. EDI, bera, erakundeen ordenadoreen artean zuzeneko komunikazioa errazten duen lan-sistema berria da.
EDI sistemarekin, merkatal transakzioetan paper gutxituago erabiltzen da, komunikatzeko behar diren denbora laburragoa da eta akats-kopurua ere murriztu egiten da; datuak ez baitira ordenadorera behin eta berriz sartu behar.
Era berean EDI-k komunikazioa hobetu egiten du, transmisioa lanorduetatik kanpo egin daitekeelako eta hizkuntz oztoporik ez duelako. Horrela administrazioko lana erraztu egiten da eta denbora beste lan emankorrago batzuetan erabil daiteke.
Sistema honi buruzko azken ikerketek diotenez, EDI-ren merkatua urtero % 40 hazten ari da. Hazkunde horrek, EDI-rekin erlazionatutako produktu aurreratu eta sofistikatuen eskaera igoarazi egingo du hurrengo urteetan.
EDI-ren arlo horretan garatu da CHALENGE proiektua eta Donostiako Ibermatica-rekin batera Europako beste enpresa hauek ere parte hartu dute: Bull (Frantzia), Siemens Nixdorf Information Systems (Irlanda), Irish Medical Systems (Irlanda), Bull Europe (Erresuma Batua), Pross (Espainia), Telindus (Belgika), Epsilon Software (Grezia), Danish Customs (Danimarka), Epec (Belgika), Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipala (Euskal Herria), Du Pont de Nemours (Alemania) eta Eastern Health Board (Irlanda).
CHALENGE proiektuaren ezaugarri aurreratuenen artean, EDI API-ren (Aplication Program Interface) definizioa eta garapena eta X.435 Pedi (CCITT X.435/F.435) estandarraren gauzatzea izan dira. Garatutako API hori erabiliz, aplikazioek EDI-ren zerbitzuak erraz atzi ditzakete.
Proiektu hau dagoeneko martxan dago enpresa batzuetan (Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipalean, Du Pont-en, Danish Customs-en, Eastern Health Board-en, etab.etan) eta oso emaitza onak lortu dira. CHALENGE proiektuaren proben koordinatzailea eta EDI API interfacearen definizioaren egilea, Donostiako Ibermatica izan dela azpimarratu behar da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia