Zeres planeta nanoak ur-lurrunezko zorrotadak igortzen dituela ikusi dute astronomoek
2014/01/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zeres planeta nanoa lurrun-zorrotada bikoitza jaurtitzen ikusi dute astronomoek, ESAren Herschel teleskopioari esker. 2012ko urrian eta 2013ko martxoan egindako lau behaketatan ikusi zuten fenomenoa; antza denez, orduko 21 tona ur-lurrun jaurtitzen ditu, azalean dituen bi orban ilunetatik.
Astronomoek Nature aldizkarian argitaratu dituzte behaketaren emaitzak, eta ur-lurrunaren jatorria zein izan daitekeen ere proposatu dute. Haien ustez, bi azalpen izan ditzake: azalaren azpian dagoen izotza Eguzkiak sublimatzean sortua izatea, edo, bestela, jarduera bolkanikoaren ondoriozkoa. Edonola ere, azken urteetako hipotesi baten arabera, Lurreko ura kometen edo asteroideen arteko talketatik etorria izango litzateke. Horrenbestez, Zeresen egindako behaketak hipotesi hori indartzen du, neurri batean.Zeresek asteroideen gerrikoan orbitatzen du, eta 2,7 unitate astronomikora dago (2006tik du planeta nano kategoria). Zenbat ur isurtzen duen kalkulatzeko, arrokak igortzen duen erradiazio infragorritik, lurrun-zorrotadek zenbat xurgatzen duten neurtu dute zientzialariek. Horrela jakin dute segunduko 6 kilo ur jaurtitzen dituela (zehazki, 1026 molekula segundoko); astronomoen esanean, nahiko gutxi da, planeta nanoaren neurria aintzat hartuta. Izan ere, asteroideen gerrikoko gorputz handiena da: 950 km-ko diametroa du, eta Indiaren pareko azalera. Ur horretatik, gehiena espazioa galtzen dela uste dute, baina % 20 inguru planeta nanoaren azalera eroriko litzateke. Hala ere, ez dute espero atmosfera bat sortzea Zeresen inguruan.
Bestalde, Zeresek duen ur-kantitatea oso handia ez izanagatik, antzeko asteroide batek, Vestak, duena baino askoz ere handiagoa da. Astronomoentzat esanguratsua da bien artean dagoen aldea, horrek esan nahi baitu, seguru asko, eguzki-sistemaren alde desberdinetan sortuak direla.
Ura ez ezik, Zeresen eta asteroideen gerrikoko beste gorputzen mugimendua ere aztertu dituzte. Horri esker, planeta-sistemak nola eratzen diren ulertzeko zantzu berriak jaso dituzte. Hain zuzen, asteroideen eta kometen aurka hastapenetan izandako talkek eragina izan zuten planeta handien orbitan. Eta datorren urtean Zeresi buruzko datu gehiago izango dituzte, orduan iritsiko baita planeta nanora NASAren Dawn misioko zunda, 2007an abiatutakoa, Zeresen azalaren mapa osatzeko asmoarekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia