C bitamina asko hartzea beti ez da osasungarria
2001/02/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
C bitamina gehiegi hartzea osasunarentzat kaltegarria izan daiteke, batez ere zenbait sendagairekin batera hartzen bada. Beraz, inoiz sendagai baten erabilera-orrian "Adi: arriskua. Laranja-urarekin interakzioa izan lezake" irakurtzen baduzu, ez ezazu inuzenteen eguna denik pentsa.
Erresuma Batuan bi antihistaminiko merkatutik kentzea erabaki zuten, arabi sagarrarekin batera hartuta bihotz-arazoak sortzen zirelako. Oxfordeko Unibertsitateko Aronson-ek zitrikoek duten C bitaminaren mesedeak ukaezinak direla badio ere, kalteak ere ekar ditzakeela ohartarazten du.
Richard Mead-ek C bitamina edo azido askorbikoa eskorbutuaren aurka eraginkorra zela aldarrikatu zuenetik 250 urte baino gehiago igaro dira. Oraindik ere zitrikoak guztiz osasungarritzat ditugu: katarroa, asma, minbizia, gaixotasun koronarioak, hipertentsioa, begi-lausoa eta beste hainbat gaixotasun saihesteko asmoz hartzen dira laranjak eta limoi-urak. Aronsonen esanean, C bitamina gehiegi hartzeko gero eta joera handiagoa dago. Alabaina, gorputzak bere beharrak ase eta gero, gainerakoak ez du mesederik egiten. Izan ere, sobera dena gorputzak kanporatu egin behar du, eta horrek lanak eta eragozpenak suposatzen dizkio.
Estatu Batutan, helduen % 40ak mineral- eta bitamina-osagarriak hartzen ditu, eta hauetatik % 91 C bitamina da. Bitamina horren beharrak, ordea, oso erraz betetzen dira elikadura arruntaren barnean. Bakoitzaren beharren arabera, gomendatutako eguneko dosia 40-100 mg da, eta 100 g arabi sagar, limoi edo laranjak 50 mg inguru dute. Gainera, zitrikoak ez dira bitamina horretan jakirik aberatsenak; adibidez, askoz gehiago du perrexilak edota kiwiak.
Hau guztia jakinda, agian zitrikoak desmitifikatu egin beharko lirateke eta gogoan izan, aldiz, arriskutsuak ere izan daitezkeela, batez ere sendagaiekin interakzioak sortzen badira. Arrazoi horregatik laranjak eta arabi sagarrak eztabaidagai izan dira behin baino gehiagotan. Interakzio ohikoena P450 zitokromo entzimarekin gertatzen da. Hesteetako paretan dago eta hainbat sendagai metabolizatzen ditu, hau da, eraldatu egiten ditu. Zitrikoek bere eragina eragozten badute, molekulak odolera pasatzen dira zuzenean eta aldaketarik jasan ez dutenez, oso kaltegarriak izateko arriskua dute.
Bitxikeria moduan, arabi sagarraren eragin kaltegarriak zori hutsez aurkitu zirela aipatu daiteke. Test batetan, fruitu hori erabili zen sendagai baten zaporea mozorrotzeko eta orduan ikusi zituzten eragin kaltegarriak. Ondoren, beste sendagai batzuekin ere interakzionatzen duela ikusi da: zenbait lasaigarrirekin, immunosupresoreekin eta antihistaminikoekin. Hala ere, oraindik ez dakite zein diren interakzionatzen duten elementu zehatzak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia