}

Burutik ahora 600 milisegundoan

2009/10/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

600 milisegundo inguru behar ditu garunak hitz egiteko; hau da, hitzak pentsatzeko, gramatika-arauak erabiltzeko, eta hitzak behar bezala esateko. Hori ikusi dute Herbehereetako Garunaren Donders Institutuko eta Psikolinguistikako Max Plank Institutuko ikertzaile batzuek. Gainera, prozesu horretan garuneko zer alde aktibatzen diren aztertu dute.

Neurologoek ez dute askotan izaten horrelako azterketak egiteko aukera, eta animalia-ereduetan ere ezin dute horrelakorik aztertu, ez baitute hitzik egiten. Hain zuzen, garunaren jarduera neurtzeko aukera izan zuten epilepsiak jotako hiru paziente ebakuntza egiteko prestatzen ari zirenean: elektrodoak sartu zizkieten garunean, mintzamenarekin lotuta dagoen Broca arean, besteak beste.

Bada, aukera paregabe horri probetxua ateratzearren, pazienteei eskatu zieten hitz bat pentsatzeko, aditz bat bazen aditz-denbora aldatzeko, eta gauza bat bazen plural edo singular bihurtzeko, eta isil-gordeka esateko. Hiru ekintza horiek, hain zuzen, hizkuntzaren hiru osagai nagusien adibide dira: hitzena, gramatikarena eta fonologiarena.

Irudia: Ned T. Sahin

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia