Elhuyar zientziaren komunikazioa

Burdin zaborrak birziklatu asmoz bilbon

1986/12/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Garai batean lehengaiak eskuragarri eta ugariak ziren. Egun berriz, kasu batzutan baliabide preziatu eta eskuragaitz bihurtu dira. Duela zenbait urte zabor eta hondakintzat hartzen zena, orain lehengai-iturri moduan berreskuratzea pentsatzen da. Euskal Herrian horietako esperientzia bat egiten ari dira Bilbon; Estatu mailan piloto den saiakuntza bat.

JAN STEEN Garabi-untzia lanean.

Vastur, S.A. enpresako arduradunekin elkarrizketatzera Bilbora hurbildu ginenean, prentsan irakurritako berri lainotsu bat geneukan buruan: zirudienez Bilboko portuaren bokalean, urtetan zehar botatako labegaraietako metal-zaborrak itsas hondoan pilatuta zeuden eta ehun mila milioiko balioa zuten. Vastur, S.A. enpresako arduradun prestuek, gauzak bere lekuan ipini zizkiguten eta baita informazio zabala eman ere.

Itsasoa zabortegi

Labegaraietan altzairua fabrikatzeko unean, labeen hormetan hondakin asko gelditu ohi da itsatsia. Hondakin hauek labetik kendu egin behar izaten dira, altzairua fabrikatzeko prozesuak egokiro aurrera egin dezan. Zenbait kasutan zabor hauek hormetan sendo itsatsiak egoten direnez, dinamitatu egin behar izaten dira.

Garai batean zabor horiek baliogabekotzat jotzen ziren eta zabortegitan pilatzen ziren. Bizkaiko labegaraietakoak itsasora jaurtitzea erabaki zuten eta horrela 80 bat urtez, 1969.erarte hain zuzen, labegaraietako zaborrak Galea eta Aizkorri lurmuturren arteko zona batean itsas hondoan pilatu ziren. 1969.etik aurrera zabor horien birzkiklatzea errentagarri bihurtu omen zen eta horretan dihardute. Urte hartaraino ordea, ehundaka mila tona metal-zabor pilatu da Bizkaiko kostaldean.

Zaborren berreskurapena

Lehengaien eskasia eta eske handia dagoen une honetan, itsasora botatako mineral guzti hori birziklatzea ekologikoki interesgarria izatetik at ekonomikoki errentagarria izan zitekeela ikusi zuten zenbait bizkaitarrek. Hala ere, zenbait puntu argitu beharra zegoen lanean buru-belarri hasi baino lehen. Zenbat mineral dago? Zein sakoneran? Zer mailako aberastasuna zuten? Honelako galderen erantzuna ezagutzea beharrezko zen.

1985.ean hasi ziren zaborren azterketak egiten. Asmo horrekin Vastur-ekoak untzi txiki baten bidez laginak biltzen hasi ziren. Bi lentalari "Tortas" izenez bataiatutako materiala eskuz ateratzen hasi ziren. Bildutako materiala analisatzera eraman zen. Guztira, 250 tona erauzi ziren itsas hondotik. Egindako analisi kimikoek, materiala oso kalitate onekoa zela eta lehen mailako txatarra baino zertxobait hobeagoa zela eman zuten aditzera.

Azterketa geofisikoa

Lehenengo saio hau egin ondoren eta itsas hondoan pilatutako materiala kalitate onekoa zela jakinik, inguruaren azterketa geofisiko bat egiteari ekin zioten. Azterketa honek bi helburu zituen. Alde batetik, hondakinek zein toki zehatzetan pilatzen ziren jakin nahi zen eta bestetik hondakin-geruzaren lodiera ere ezagutu nahi zen.

Zenbait teknika berezi (albo-sonarra, ekozunda, unibooma eta Trispander-a alegia) erabili zen. Zaborraren pilatze-zona, Galea eta Aizkorri lurmuturren artean eta kostatik 1 miliako distantziaraino doan laukizuzen itxurako batean kokatzen da. Zonak guztira 800.000 m 2 inguru dauzka. Hauetako, 300.000 m 2 -tan hondakinen lodiera hiruzpalau metrokoa da eta gainontzeko 500.000m 2 -tan lodiera metroerdi eta metro bateko tartean dago. Hau izan zen prozesuaren bigarren urratsa.

Aurtengo lana

Vastur enpresakoak aurtengo Irailean hasi dira prozesuaren hirugarren urratsa ematen. Hirugarren urrats honen helburua, zabortegiaren egiazko aberastasunaz eta ustiraketarako probetxagarritasunaz jabetzea da. Erantzuna positiboa izango balitz, datorren urtean hasiko litzateke zabortegia ustiratzen.

Laginketa egiteko "Jan Steen" izeneko untzi espezializatua (argazkian duzuena) kontratatu dute. Untzi handia da hau; 76 m-ko luzera eta 19 m-ko zabalera ditu, eta 2000 tona karga ditzake. Ainguraketarako 800 m-ko 8 aingura dauzka. Aingura hauei esker untzi honek kostaldetik oso gertu lan egin dezake Bizkaikoa bezalako itsaso bizian. Gainera, 25 m-ko distantziara 25 tona jasotzeko gai den garabi bat du untziak zubian. Garabi honek itxura desberdineko lau "olagarro" erabiltzen ditu, zeren eta zaborraren aberastasun-maila ezagutzeaz aparte erauzteko sistemarik egokiena aztertu nahi bait dute.

Hasieran zaborraren egoera ezagutzen ez zutenez, (petrifikatua egon zitekeen) dinamitatzeko baimena eskatu zuten. Hala ere ez dute erabili beharrik izan. Aurten egin behar duten laginketa horretan, (32 puntu desberdinetan egina dago jadanik) 5000 tona erauzi behar dituzte zaborraren egiazko aberastasuna ezagutu asmoz.

Urte osoan ezin lanik egin

Honelako zabortegiaren ustirapenak itsasoaren egoeraren arazoa planteiatzen du; Bizkaiko itsaso bizian batez ere. Bilboko portuko estatistikek aditzera ematen dutenez, "Jan Steen" untziak maiatzetik urrira bitarteko %90 egunetan lan egin dezake. Gainontzeko hilabetetan, %30-40ra jaisten da lanegunen kopurua. Hortaz, zabortegiari eta untziari etekina atera nahi bazaio, uda inguruko egun horietan egin behar da lan.

Zabor ugari pilatuta

Egin diren estimazioen arabera, zenbat urtetan deskargatzen ibili direneko datua erabiliz batez ere, urpean 4.000.000-5.000.000 tona omen daude.

Itsaspetik jasotako burdin zaborra.

Zaborraren kalitateari buruz, eta erauzi diren 2.000 tonak aztertuta, oso emaitza positiboak jadetsi dira. Zaborraren burdin aberastasuna %50-65 bitartekoa da. Azken datu hau konfirmatzen bada, ustirapenaren etorkizunari buruz oso baikor azaltzen dira Vastur-eko arduradunak. Inbertsio handiak beharko lirateke (600 milioi pezeta ingurukoak) datorren urtean ustiraketa-prozesuan lanean hasteko.

Bestalde, itsasotik berreskuratutako zaborra, Bilboko portuko kai batera eramango litzateke eta bertan errota batez eta banatzaile magnetiko batzuren bidez burdina berreskuratuko litzateke. Ondoren, burdina lehen mailako txatarra moduan galdaketan lan egiten duten enpreseei salduko litzaieke.

Bukatzeko, honelako birziklatze-planik Europako beste tokitikan egin denik Vastur-eko arduraduenek ez dutela ezagutzen azpimarratu behar da. Beraz Euskal Herria behingoz, aintzindari izan daiteke prozesu industrial batean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia