Britainia Handia dagoeneko ez da elgorririk gabeko lurraldea


2017an, Britainia Handiak elgorria ezabatu zuela adierazi zuen Osasun Mundu Erakundeak (OME). Britainia Handiko Osasun Sailak orain jakinarazi duenez, ordea, ez dira maila horri eusteko gai izan.

2014-2016ko kasuak aintzat hartuta adierazi zuen OMEk Britainia Handiak elgorria ezabatu zuela. Elgorririk ez egotea zirkulazioan, txertoen estaldura handia eta gaixotasun-kasuak identifikatzeko sistema egokia izatea dira, OMEren erabera, lurralde bat elgorririk gabekotzat jotzeko baldintzak. Elgorri-kasuren bat azal daiteke, baina modu isolatuan, eta hedapen mugatuarekin.

2018an, ordea, elgorri-kasuak asko areagotu ziren. Ingalaterran eta Galesen ia 1000 kasu izan ziren; 2017an, berriz, ez ziren 300era iritsi. Are gehiago: urtebete baino luzaroagoan detektatu zen birus-andui bera, B3 Dublin.

Horretan oinarrrituta, OMEk erabaki du Britainia Handia dagoeneko ez dela elgorririk gabeko lurraldea. Hango Osasun Sailak, berriz, txertatzearen garrantzia gogorarazi du. Zehaztu duenez, talde-immunitatea lortzeko, populazioaren % 95ek egon behar du txertatuta, eta lehen dosiarekin ehuneko hori lortzen duten arren, bigarrenean % 87.4 baino ez dute lortzen. Horrenbestez, txertatu daitezkeen guztiak txertatzeko eskatu du.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna