Botika berria parkinsonaren kontra
1997/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Parkinsonen gaixotasunak jotakoen bizi-baldintzak hobetzea eta gaitzaren hedapena geldiaraztea dira Hebreako Unibertsitateko ikertzaileek aurkitu berri duten botikaren egiteko nagusiak. L-Dopa Ethyl Ester, horixe da medikamentuaren izena eta oraindik laborategi-fasean dago. Gaur egun gaitz honen kontra erabiltzen den L-Dopa izeneko botikaren ordezkoa izan daitekeela uste dute ikertzaileek, honek sortzen dituen arazoak saihestuko dituena.
Parkinsonen gaixotasuna garunean dopamina-eskasia dagoenean agertzen da eta bere ezaugarri nagusiak dardara eta muskuluen zurruntasuna dira. Populazioaren % 1-2ri eragiten diola uste da. Gaur-gaurkoz, L-Dopa da dagoen tratamendu bakarra, baina bi eragozpen nabarmen ditu: batetik, ezin da zuzenean odolean injektatu eta, bestetik, lau edo bost urteko tratamendua eta gero, bere eragina desagertu egiten da. Botika berria L-Doparen eraginkortasuna agortutakoan ere erabili ahal izango da eta odolean zuzenean injektatu ahal izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia