}

Boli-afera

1989/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ekologistek eta Afrikako estatu batzuek, Afrikako elefantea galzorian dauden animali zerrendan sartzea eskatuko dute. Zerrenda horretan sartzeak boli-trafikoaren debekua ekarriko luke. Gainera, mundu osoan boli-inportazioak geldi erazi egin nahi dituzte.

Boli-trafikoaren kontrolak huts egin duela diote kanpaina hau bultzatu dutenek. Boli-trafikoak gora egin du azkeneko hamarkadetan eta bide berari jarraituz gero, 20 urte barru elefantea desagertu egin daiteke. Azkeneko hamar urteotan 1,3 milioitik 625.000raino jaitsi da elefante-populazioa.

Naturaren aldeko Nazioarteko Fondoak (WWF) eta Basabiziaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (WCI) adierazi dutenez, Tanzania, Kenya, Gambia eta Somaliako gobernuek, Galzoriko Landaredi eta Faunaren Merkataritzarako Nazioarteko Hitzarmenari (CITES) elefantea I. eranskinean sar dezan eskatu diote. I. eranskinean sartzeak elefante-produktuen merkataritza debekatuko luke. Gainera, Txad, Niger eta Zambiako gobernuek ere neurri hori babestuko omen dute.

Elefantea orain II. eranskinean dago eta, honek elefante-boli eta -larruaren merkataritza baimentzen du neurri batean. Dena den, merkataritza kontrolatua alferrikakoa dela ikusi da. Boli-kontsumitzailerik handienak Asian daude eta kalkulatu denez bertaraino iristen den boliaren %80 ilegala da. Esportatzailerik handienak Sudan, Burundi (elefanterik ez eduki arren), Kongo, Burkina Faso, Zaire eta Tanzania dira.

Afrikako elefantearen populazioak behera egin gabe, 50 tona boli esporta daitezke urtero. 1987.ean 300 tona esportatu ziren eta punturik altuena 1979.ean lortu zen; 900 tona esportatu bait ziren.

Orain garai batean baino elefante gehiago hil behar da boli-kantitate berdina eskuratzeko. Elefanterik handienak (beren betaginek 80 kg pisa dezakete) hil ziren aspaldi. 1979.ean saldu ziren betaginen batezbesteko pisua 9,8 kg-koa zen. Tona bat boli eskuratzeko 54 elefante hil behar ziren. 1989.ean berriz, betaginen batezbesteko pisua 47 kg-koa bakarrik zen. Honek gero eta elefante gazteagoak ari direla hiltzen esan nahi du.

Hala eta guztiz ere, I. eranskinean sartzeak bakarrik ez du elefantea salbatuko. Errinozeronte beltzaren kasua hor dago. I. eranskinean sartzeak ez du errinozeronte-adarren salerosketa geldi erazi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia