}

Bizkarrezur bifidoa zuzentzeko ebakuntza

1999/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Haurdunaldiko lehen uneetan fetuaren bizkarrezurra agerian geratzen denean sortzen den nerbio-sistemaren akatsa da bizkarrezur bifidoa. Umeek ornoartea itxi gabe dute eta horrek arazo larriak sor ditzake: gorputz-adarren paralisia; giltzurrunetan, hesteetan zein garunean arazoak eta, okerrenera, heriotza ere bai. Orain arte, jaio ondoren egiten zitzaien ebakuntza umeei, baina gero, umeak sarritan ospitaleratu behar ziren garunetik likidoak atera eta, hanketako, giltzurrunetako edo biriketako arazoak konpontzeko.

Filadelfia-ko Pediatria Ospitalean akatsa haurdunaldian bertan zuzentzen duen ebakuntza egin dute. Ebakuntza haurdunaldiaren 20. eta 30. asteen bitartean egiten da eta fetuaren bizkarrezurra giza azalez estaltzen da. Metodo hori erabiliz ez da akatsa desagertarazten, baina eraginetako batzuk leuntzea lortzen da. Umeei garuneko likidoak gutxiagotan atera behar izatea da abantaila nagusia; desabantaila berriz, erditzea goiztiarra dela kasu guztietan, 30. eta 37. asteen bitartean gertatu ohi baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia