Bizilagun ikustezinak
1995/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ondoko irudian ageri den akaroa ezaguna gertatu ez bazaizu ere, baliteke zure etxean bertan ere horrelako hamaika “bizilagun” izatea. Mikroskopio elektronikoa erabiliz behatu dugun akaroa gure etxeko alfonbra eta moketatan bizi da, ehun lodi eta sendoak pausaleku bikaina baitira elikatzeko eta ugaltzeko. Biologoen iritziz, akaro-kopurua kontrolaezin bihurtzen ez den arte, animalia horiek ez dute osasun-arazorik sortzen.
Kontsumitzaileen elkarteak ordea, ez dira iritzi berekoak eta ikerketarako laguntza eskatu berri dute. Europako zenbait Osasun Erakundek etxetako bizkarroiak ikertzeko diru laguntzak onetsi dituzte eta aurki jarriko dira martxan ikerketa-proiektuak. Akaroen kontrako borrokaren lehen atala ekoizleek pairatuko dituzte. Esate baterako, alfonbrak egiteko hidrokarburoak erabiltzea saihestu beharko dute, material horiexek maite baitituzte bereziki etxeko akaroek. Hurrengo urtetik aurrera, ehunak akarorik ez duela adierazten duen “label berdea” eskuratu beharko dute alfonbra- eta moketa-ekoizleek Europako zenbait lurraldetako merkatura heldu baino lehen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia