Herri bakoitzean antolatutako ekitaldian, Bizilabeko partaideek ikasturtean zehar garatutako proiektuak aurkeztu dituzte. Hainbat gairi heldu diete, besteak beste, ingurumenari, energiari, osasunari eta teknologia digitalei lotutako erronkei. Bisitariek gazteen eskutik ezagutu dituzte proiektuen atzean dauden galderak, ikerketa-prozesuak, esperimentuak eta prototipoak. Gainera, eguneko programari amaiera emateko, Bizilabeko gidariek zientzia-ikuskizuna eskaini dute. Hala, gazteek eta bertaratutakoek zientzia modu dibertigarri eta parte-hartzailean bizitzeko aukera izan dute.
Bizilabe Eguna ikasturtean zehar egindako lanaren erakusleiho nagusia da, baina baita gazteen arteko harremanak sendotzeko eta ikasturteari amaiera giro atseginean emateko momentua ere. Aurtengo edizioak berriro erakutsi du gazteek interes handia dutela zientzia eta teknologiaren arloetan. Bizilaben, gazteek euren inguruko erronkak identifikatzen dituzte, galderak planteatzen dituzte eta horiei erantzuteko irtenbideak bilatzen dituzte. Bide horretan, ezagutza zientifiko-teknologikoa ez ezik, sormena, pentsamendu kritikoa, talde-lana eta komunikazio-gaitasunak ere garatzen dituzte.
Bizilabe sarea, ikasturteko datuak
Guztira 276 gaztek parte hartuko dute 2025-2026 ikasturtean (125 neska, 149 mutil eta 2 ez-bitar). Kokalekuen arabera, honako hau da gazteen banaketa: Abanto-Zierbenan 18 gazte (6 neska eta 12 mutil); Bilbon 144 gazte (79 neska, 63 mutil eta 2 Ez-bitar); Elgoibarren 38 gazte (11 neska eta 27 mutil); eta Laudion 23 gazte (6 neska eta 17 mutil). Gainera, aurten Iruñeko gazteek ere badute aukera egitasmoan parte hartzeko. Iruñeko Bizilaben 53 gaztek parte hartuko dute (23 neka eta 30 mutil).
2017az geroztik, Bizilaberen helburua gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatzea da, eta hori komunitatearen parte-hartzearekin lantzen du. Kasu honetan tokian tokiko udalekin.
Helburu hori lortzeko asmoz, “Izan ikertzaile eta asmatzaile” izeneko programan, gazteak zientzia- eta teknologia-jardueretan murgildu dira gai horietan adituak diren emakumeen gidaritzapean. Jolas eta esperimentuen bidez eduki desberdinak barneratu dituzte eta zientzia- eta teknologia-proiektuak garatu dituzte.
Horrez gain, harreman-bizipen ugari izan dituzte ikasturtean zehar. Ikertzaile profesionalen bisitak jaso eta inguruko enpresak bisitatu dituzte. Honela, zientzia- eta teknologian lan egiten duten profesionalak eta inguruneko errealitate zientifikoa eta teknologikoa ezagutu dituzte. Ildo beretik, udaberriko “Parekoen Topaketa” ekimenean, ideiak elkar-trukatu dituzte profesionalekin. Otsailaren 11, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ere ospatuko dute. Gainera, Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko aukera izan dute. Bertan, ikasturtean garatutako zientzia- eta teknologia-proiektuak jendaurrean aurkeztuko dituzte.
2025-2026 ikasturterako izen-emateak zabalik
Zabalik da Bizilabeko 2026-2027 ikasturteko “Izan ikertzaile asmatzaile” programan izena emateko epea:
STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)



