}

Bizi sintetikoa?

1990/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bere burua errepika dezakeen lehen molekula artifiziala sintetizatu berri da EEBBetan. Molekula berria, bere burua errepikatzen duten molekula biologikoak (ADNa esaterako) baino askoz ere sinpleagoa da. Molekula berria sintetizatu duten kimikariek “Bizi-zeinu primitiboa da gutxienez” esan dute.

Massachussets-eko Teknologi Institutuko (MIT) Julius Rebek eta bere lankideek sintetizatu dute molekula. AATE izeneko molekulak tenplatu moduan jokatzen du eta molekula-zatiak konbinatzen ditu jatorrizko molekularen kopia egiteko. ADNak egiten duen prozesuaren antzekoa da. Dena dela, azken kasu honetan entzima baten lana beharrezkoa da prozesua abiarazteko.

Rebek eta bere lankideek aminoadenosina ester batekin konbinatu dute kloroformotan eta giro-tenperaturan eta gero trietilamina erantsi diote. Erreakzioan molekulak lotu egiten dira AATE sintetizatuz.

AATEk bere burua errepikatzeko, ester-molekula adenosina muturrera eta aminoadenosina molekula ester muturrera erakartzen ditu. Bi zati horiek orduan, elkarren artean erreakzionatu egiten dute eta AATE-molekula berri bat sortzen dute.

Hidrogeno-loturek egiten dute posible prozesua. AATEren mutur bakoitzak hidrogeno-zubi pare baten bidez ezagutzen du bere “laguna”. Bi zatiak tenplatuan finko loturik daudenean erreakziona dezakete AATE-molekula berria sortzeko. Gero bi zatiak banandu egiten dira.

Erreakzioaren azkartasuna, bi AATE-molekulen banantze-abiaduraren menpe dago. Abiadura hau txikia da lau hidrogeno-zubi hautsi egin behar direlako. Naturan entzimek egiten dute lan hori, baina AATEren kasuan bibrazio termalek askatzen dituzte molekulak. Rebek, prozesua nola azkartu aztertzen ari da.

Molekulak bere burua errepikatzen duela esateko, hiru argudio erabili dituzte. Lehenik, AATEk bere buruaren sintesia katalisatzen du. Bigarrenik, bi AATE-molekula elkarri txertatzen zaizkio puzzle bateko bi pieza legez. Eta hirugarrenik, zubia egiten duten hidrogenoetako bat blokeatu denean (metilo talde bat erabiliz) erreakzioaren abiadura asko moteldu da, AATEk ester edo adenosina molekulak ezagutzeko arazoak dituelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia