Elhuyar zientziaren komunikazioa

Birusak, zorigaitzeko jauziak

2003/12/01 Arrese, Elixabete | Basaras, Miren - Mikrobiologiako Irakasle Titularra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itxuraz sinpleak dira, baina izurrite beldurgarriak eragiten dituzte. Birusak dira, landare eta animalia askoren bizkarroi arriskutsuak. Parasitoa eta ostalaria belaunaldi askotan elkarrekin bizi badira, azkenean organismoak birusetik babesten ikasten du; espeziearentzat hilgarria izateari uzten dio. Baina, gutxien espero dugunean, gaixotasun eta epidemia berriak etortzen dira. Azkenekoa, asiar pneumonia. Eta, orain, asiar pneumonia

Gaur egun, elgorria eta gripea ez dira gaixotasun hilgarriak, baina ez da beti horrela izan. Elgorriak, adibidez, Suaren Lurraldeko biztanleen heriotza eragin zuen Europako misiolariak hara iritsi zirenean. Misiolariek berek, ordea, arazorik gabe gainditzen zuten gaixotasuna. Hernan Cortes Mexikon indarrez sartu zenean ere, nafarreria edo baztanga inkubatzen zuten soldaduek azteka gehienak kutsatu zituzten. Aztekentzat baztanga gaixotasun berria zenez, populazioaren herena hil egin zen.

Oraindik ere gertatzen dira horrelakoak. Amazoniara misiolari, gerrillari eta urre edo egur bila doazenek, esaterako, gripeaz edo tuberkulosiaz kutsatzen dituzte natiboak. Gripeak berak milioika heriotza eragin zituen XX. mendean. Kontinente bati baino gehiagori eragin zieten hiru pandemia nagusi gertatu ziren: 1918an, 1957an eta 1968an. Baina, izurritea eragin bazuten ere, ez ziren birus guztiz berriak: lehenagoko birusen andui berriak ziren. Izan ere, birusek gure zelulen barruan ugaldu, mutatu eta eboluzionatu egiten dute etengabe. Eta aldaketa genetikoak pairatzeak gizakiaren barne defentsa-sistemarentzat ezezagun bihurtzen ditu.

Bada, ordea, hori baino prozesu arriskutsuagorik: animalia-espezie jakin bat infektatzen duen birusak beste animalia-espezie bat kutsatzea lortzen duenekoa. Etsai erabat ezezagun eta arriskutsua bihurtzen da orduan. Hori gertatu dela uste da, esaterako, hiesarekin, gripearekin edo asiar pneumonia berriarekin. Eta etorkizunean ere espezieen arteko birusen jauzi gehiago gertatuko dira.

Espezieen arteko jauziak

Birusek zeluletan sartzeko mekanismo konplexuak dituzte, baina zelula eta animalia-espezie jakinetan soilik sar daitezke, mutatu eta besteren bat infektatzeko gai diren arte.

Egia esan, birusek ostalari batetik bestera pasatzea edo salto egitea arrunta da; betidanik gertatu izan da. Litekeena da barizela, elgorria eta baztanga bezalako aspaldiko birusek ere garai batean beste espezie batzuetatik jauzi egin izana gizakietara. Baina, horrela izan bazen ere, orain dela urte asko gertatu zen; milaka urte daramatzate gizakia kutsatzen.

Gripearen kasuan, gaixotasun berriagoa izanik, nahiko argi dago kontu hori: gizakietara duela bost bat mende egin zuen salto lehen aldiz, txerrietatik. Lehenengo epidemia 1562an izan zen eta, seguruenik, Asian. Espezieen arteko jauzi hori historian bakarra izan balitz, ez litzateke horrenbeste jende hilko gripe-epidemiaren ondorioz, gizakiok dagoeneko erresistenteak izango ginatekeelako, elgorriaren kasuan bezala. Baina gripearen birusak askotan egin du salto, eta aldi bakoitzean andui desberdinak agertu direnez, gure sistema immuneak ezin izan die aurre egin. Birus ezagun gehiagok ere egin du salto, esaterako, giza immunoeskasiaren birusak –GIBak– eta oraingo asiar pneumoniaren edo ez-ohiko pneumoniaren birusak –SARSak–.

Izan ere, birusa ugaltzen ari den bitartean, bere informazio genetikoa errekonbinatu eta geneak gurutzatu egiten dira. Ondorioa sinplea da: askotan birusa bera eraldatu egiten da, mutatu. Eta mutazio horiek dira, hain zuzen ere, beste animalia-espezie bat infektatzeko ahalmena eman ohi diotenak.

Baina espezieen arteko jauzi horiek ez dira modu bakarrean gertatzen. Gripearen birusaren jauziak ikertzeko, esaterako, ur-hegaztiak, oilaskoak, txerriak eta gizakiak aztertu dituzte, eta animalia-espezie bakoitzean birusa modu desberdinean mutatzen dela ikusi dute.

Gripearen birusak txerrietatik egin zuen lehen aldiz salto gizakietara, duela bost mende inguru. (Argazkia: www.tongwei.com).

Gripearen birusak 8 gene ditu. HA eta NA izeneko geneak dira horietako bi, eta kodetzen dituzten proteinek oso funtzio garrantzitsua dute: zelulari lotu eta birusa barrura sartzea ahalbidetzen dute. Birusean agerian geratzen dira proteina horiek, eta, beraz, gizakiaren sistema immuneak hauteman egiten ditu. Hala gertatzen bada, antigorputzek birusa blokeatu eta inaktibatu egiten dute, eta, hortaz, infekzioa galarazi. Baina HA eta NA geneak etengabe mutatzen ari dira eta mutazio horien ondorioz, epidemia berriak sor ditzake animalia ostalarian.

Horrez gain, birus-andui desberdinen arteko nahasketa edo errekonbinazioa gertatzen da, eta, horrela, HAren eta NAren aldaera desberdinak sortzen dira. Errekonbinazio horretan bi geneak trukatu egin daitezke, eta mutazio sinpleek eragiten dituzten aldaketak baino askoz ere bortitzagoak dira. Ondorioz, beste animalia-espezie batzuk ere infektatzeko gai diren birusak sor daitezke. Historian zehar sarritan gertatu dira horrelako fenomenoak, eta hori izan da, besteak beste, azken hamarkadetako gaixotasun-epidemien edo pandemien arrazoietako bat.

Berez, ur-hegaztiak dira gripearen birusaren gordailu naturala, eta horientzat birusa kaltegarria ez den arren, birusaren eramaile izan daitezke. Izatez, ur-hegaztietan aurkitu dira gaur egun ezagutzen diren HAren eta NAren aldaera guztiak —15 eta 9 mota, hurrenez hurren—, baina txerrietan ere asko aurkitu dira. Hortaz, birusa ur-hegaztietatik txerrietara eta txerrietatik gizakietara pasa dela uste dute. Izan ere, inoiz gertatu izan bada ere, zaila da hegaztien gripearen birusak zuzenean gizakia kutsatzea. Txerrien birusak errazago kutsa dezake gizakia; aurretik txerrietara jauzi egin duten hegaztien birusarekin, edo aurretik gizakia kutsatu, txerrietara jauzi berria eman eta berriz ere gizakira itzuli den birusen batekin.

Birusen jauziak dira txertoak garatzeko zailtasunik handienetakoa.

Giza immunoeskasiaren birusaren kasuan, hainbat hipotesi plazaratu dira bere sorrera zer-nolakoa izan zen azaltzeko. Argitaratutako azken hipotesiak dio bina primate-espezie infektatzen dituzten bi birus desberdin nahastu zirela tximino batean, eta hortik sortu zela GIBa. Gizakiak kutsatutako tximinoaren haragia jan eta modu horretan barneratu zuen birus berria. Gizakiaren barnean egonda, birusak gizakia infektatzeko ahalmena emango zioten mutazioak jasan zituen, eta gizaki batetik bestera transmititu zen. Birus berri horrek erraz sor zitzakeen gerora sortu diren epidemiak.

Jauziak ugaritu ote dira?

Adituen arabera, azken hiletan ezagun egin den asiar pneumoniak dagoeneko 1.000 pertsona inguru hil eta ia 8.500 kutsatu ditu. Lehen kasuak Txinako hegoaldean azaltzea ez omen da arraroa. Izan ere, gripearen birusen andui berri gehienak ere lurralde horretan sortu dira. Eta, azken finean, bi birus horiek antzera transmititzen dira, arnasbideetatik. Birologoen ustez, 1918. urtean gripe espainiarra deitu izan zen pandemia ere Txinan sortu zen. Ez da harritzekoa, lurralde horretan gizakiak, hegaztiak, txerriak eta beste espezie batzuk pilatuta bizi baitira, eta, askotan, horrez gain, populazio-dentsitate handia eta higiene-falta ere azaltzen baitira. Horrelako tokietan birusen batek gizakira jauzia eginez gero, errazago transmititzen da gero pertsona batetik bestera.

Adituek diotenez, urtero gizakia infektatzen duten 4 edo 5 birus berri agertzen dira, baina, zorionez, denak ez dira kaltegarriak. Azken urte hauetan, birus berri ugari agertu da; giza immunoeskasiaren birusa, C, E eta G hepatitisak, herpesbirus batzuk, biriketako gaixotasun larriak eragiten dituzten hantabirus berriak, Hego Amerikako sukar hemorragikoen eragileak... Eta, aldi berean, lehen ezagunak ziren birusak berriz agertu dira; dengea, Lassaren sukarra eta ebola, besteak beste. Izan ere, herri txiroetan gaixotasunen kontrol-mekanismoak martxan jartzeko zailtasun ekonomiko larriak daude, eta beste hainbatetan ohiturek edo erlijioak berak jartzen dituzte zailtasunak.

Birusen egoerari jarraitzeko laborategi bereziak daude mundu osoan. ‘Laborategi zaintzaileak’ deitzen zaie, eta horiei esker jakiten dute noiz eta non sortzen diren birusen andui berriak. Mundu Osasun Erakundeak argitaratzen duen txosten baten arabera, azken hilabete hauetan asiar pneumoniaz gain beste birus batzuk ere agertu dira: Brasilen sukar horia azaldu da eta hogeitik gora hildako utzi ditu; Congon dagoeneko ehundik gora hildako utzi dituen ebola-izurrite bat gertatu da; eta oilaskoetatik gizakietara bi aldiz egin du jauzi gripe-birusak, otsailean bata eta apirilean bestea.

Adituek diotenez, litekeena da gizakia animalia berriekin harremanetan jarri izanak eragitea epidemia berrien agerpena. Halaber, aldaketa ekologikoak ere izan dira. Oihan tropikalaren deforestazioa eta klima-aldaketa dira aipagarrienak. Oihana deforestatzean, esaterako, oihaneko birusak garraiatzen dituzten akainak gizakiekin harremanetan ipini eta kutsatzaile bihur daitezke. Klima-aldaketak ere espezieak lurralde berrietara joatea eragin du, eta nitxo ekologikoa aldatzeak espezieen arteko jauzi berriak erraztu ditu. Esan liteke, beraz, kezka benetakoa eta iraunkorra dela.

Birusak laborategietan haztea zaila izaten da. Baina pneumonia akutu larria sortzen duen birusa (SARS, edo Severe Acute Respiratory Syndrome ) oso azkar identifikatu zuten, apirilaren 16an, hain zuzen ere.

Hamairu laborategiren lankidetzari esker egin da, eta, birusa identifikatzeaz gain, honen sekuentzia genomiko guztia osatu dute kanadar zientzialariek. Diagnosi-teknika berriak garatzea erraztu du horrek, eta une honetan gaixotasunaren diagnostiko azkarra lortzeko proba eraginkorrak garatu nahian ari dira lanean hainbat laborategi.

Badirudi uztailetik ez dela pneumonia akutu larrien kasu gehiago detektatu gizakietan. Azkenotan kasu posible batzuk agertu dira, baina ez da baieztatu benetan ez-ohiko pneumoniaren birusak sortuak direnik. Izurritea amaitu dela dio Munduko Osasun Erakundeak eta txertoa garatzeko lehenengo urrats garrantzitsuak eman dira. Baina dagoeneko ia 1.000 pertsona hil dira mundu osoan, gehienak Txinan.

Azken finean, asiar pneumoniaren izurriteak hainbat gauza erakutsi digu. Batetik, herrialde jakin batean gaixotasun infekziosoren bat agertuz gero, munduko gainerako lurralde guztiak ere arriskuan daudela; gaixotasun infekziosoek ez dute nazioarteko mugarik errespetatzen eta pertsona batetik bestera jauzi eginda edozein herrialdetara heltzen dira. Bestetik, gaixotasun infekziosoen agerraldiek agerian jartzen dute osasun publikoaren azpiegitura ahula dela.

Zientzialarien azken datuek ere beldurra sortu dute: etxeko katuak eta hudoak ere infektatzen ditu SARS birusak; beraz, gero eta luzeagoa da birus promiskuo hau gordetzen duten animalien zerrenda. Animalia horietako asko gizakiarengandik oso gertu bizi dira, eta negu honetan birusak berriz ere gizakietara jauzi egiteko arriskua dagoela adierazi dute.

SARS Txinatik kanpo ere barreiatu da. Ezkerreko zenbakiak kutsatuen kopurua adierazten du, eta eskuinekoak hildakoena.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia