}

Birusak, etsai arriskutsuak

1988/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mundu osoan zehar ordenadoreak kutsatzen ari den birus bat azaldu da. Nola ebitatu izurrite honetan kaltetu izatea?

Azken berriek diotenez, mundu osoan zehar ordenadoreak kutsatzen ari den birus bat azaldu da. Nola ebitatu izurrite honetan kaltetu izatea?

Ordenadore-birus hau makina kutsatzeko gai den programa-zati bat besterik ez da. Programa-zati hau programa pirata batean txertaturik egoten da. Hau martxan jartzen den une berberean, sistema aldatu egiten da eta askotan disko gogorreko informazio guztia ezabatzen duen errutina bat ere abiarazi egiten da.

Nahiz eta birus honen jatorria ezezaguna izan, abiadura bizkorrez ari da batera eta bestera zabaltzen.

Birusa, COMMAND.COM fitxategian egoten da. Ordenadorea kutsatutako disket batetik abiatuz gero, nahikoa izango da TYPE, COPY, DIR edota beste edozein komandoz beste disket bat atzitzea berau arriskutan jartzeko. Disket horrek COMMAND.COM fitxategia baldin badauka, birusa bertan kopiatuko da disketa kutsatuz. Hau gertatzen den bakoitzean, abiorako erabili den programan kontagailu bat gehitzen joango da. Kontagailu hau 4ra iristen denean, ordenadorean sartutako edozein disketetako informazioa ezabatu egingo da bapatean. Beraz, arazoren bat dagoela konturatzen garenerako, birusa zabaldua dugu.

Hala ere, badago hau ebitatzeko modu bat. Disket bat kutsatuta dagoenaren susmoa baldin badugu, nahikoa izango da ordenadorea disket honetatik abiatzea eta idazketaren kontra babestutako disket bat atzitzea. Zer lortzen da honekin? Azken disket honetan birusa kopiatzeko saio bat egiten bada, sistemak errore bat emango du, disket horretan idazterik ez dagoela adieraziz. Horrela jakin ahal izango dugu abiorako erabili dugun disketak birusa zeraman ala ez.

Beraz, ez da tontakeria izaten disketeei idazketaren kontra babesteko etiketa ipintzea.

Birus honen erasoa, disketek nahiz disko gogorrek jasan dezakete.

Hau dela eta, komenigarria izaten da segurtasun-kopiak ateratzeko ohitura hasieratik mantentzea, askotan alferrikako lana iruditu arren. Honelako hondamenaren aurrean irtenbide bakarra izan bait daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia