Birusak eraikitzea posible da
2002/07/12 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bi urte behar izan dituzte birusa eraikitzeko. Internetetik birusaren gene-kodea zein den jakin, eta bioteknologia-enpresa bati erosi zizkioten DNA zatiak. Gero, zati horiek elkartu, eta, gene-sekuentzia osoa lortzean, birusa osatzeko behar ziren osagai guztiak zituen kultura-likido batean jarri zituzten. Zientzialariak zur eta lur geratu ziren, DNAren mekanismoak aktibatu eta birusak sortu baitziren.
Birus berrien eraginkortasuna frogatzeko, saguak txertatu eta gaixotasuna sortzeko gai zirela ikusi zuten.
Teknikak arma biologikoak sortzeko bide berriak zabaltzen dituela esan dute zientzialari batzuek. Azken finean, guztiz erauzita dagoen baztanga gaixotasunaren birusa eraikitzea askoz ere errazagoa litzateke orain. Gainera, birus askoren genoma Interneten dago, edozeinentzat eskuragarri.
Alabaina, alarmak piztu aurretik, teknika konplikatua dela gogoratu behar da. Polioaren birusa eraikitzeko bi urte behar izan dira, eta birus sinpleenetarikoa da, 7.741 base bakarrik baititu. Baztangaren birusak, esaterako, 24 aldiz base gehiago ditu bere kodean. Base-kopuruaz gain, kontuan izan behar da birus batzuek sintesi-bide askoz ere konplexuagoa dutela eta, beraz, nahiko luze jo dezakeela prozesuak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia