Bihotz-biriketako egoera iragarle hobea da gorputz-masaren indizea baino
2024/11/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bihotz-biriketako egoera iragarle hobea da gaixotasun kardiobaskularrak eta heriotza-arriskua aurreikusteko, gorputz masaren indizea baino (GMI). Hala ondorioztatu dute meta-analisi bidez, British Journal of Sport Medicine aldizkariko artikulu batean. Hain zuzen, ikusi dute, bihotz-biriketako egoera berean, arriskuak berdinak dira, edozein GMI izanda ere. Hortaz, obesitateari lotutako gaitzak prebenitzeko edo tratatzeko, fokua aldatzea proposatu dute, eta aintzat hartzea bihotz-biriketako osasuna hobetzea, ahalegin guztia dietaren bidez pisua galtzean jarri beharrean.
Ondorio horietara iristeko, 20 azterketaren berrikuspen bat egin dute ikertzaileek, zeinak guztira ia 400.000 behaketa biltzen baitzituzten. Ikertzaileek ohartarazi dute parte-hartzaile gehienak kaukasoarrak zirela, eta mendebaldeko herrialdeetakoak. Hala ere, emakumeen ehunekoa orain arteko azterketetan baino handiagoa izan da (% 33), eta, bestela ere, orain arte egindako berrikuspen sakonena da.
Hala, emaitzak oso baliagarritzat eman dituzte obesitateari lotutako gaixotasunei aurre egiteko estrategiak berrikusteko. Izan ere, obesitatearen prebalentzia igotzen ari da, eta, horrekin batera, baita obesitateari lotutako inpaktu ekonomikoa ere. Era berean, argaltzeko estrategiak porrot egiten du banako askorekin. Ikerketak frogatutzat ematen du bihotz-biriketako egoera GMI baino iragarle hobea dela, bai gaixotasun kardiobaskularrak izateko, bai edozein kausaren ondoriozko heriotzarena ere. Horrenbestez, iradoki dute komeniko litzatekeela ikertzea bihotz-biriketako egoera hobetzearen eragina obesitateari lotutako ondorioetan, dieta egitearekin batera, eta bakarrik dieta egitearekin alderatuta.