}

Berriz erabiltzeko poltsak EROSKIko dendetan

1996/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azkenaldi honetan, ingurugiroarena maiz entzuten dugun gaia da. Klima-aldaketa, ozono-geruzaren zuloa edo gure ibai eta itsasoen poluzioa guztiok kezkatzen gaituzten gaiak dira. Baina, kontsumitzaileak nola ihardun dezake eskala handiko arazo hauek konpontzeko? Egia esan, gutako bakoitzak ezer gutxi egin dezake makroarazo hauek ebazteko. Dena den, badaude, eguneroko bizimoduan gertuagoko ditugun beste ingurune-arazo batzuk, eta horiei dagokienean neurriak har ditzakegu, tamaina batean behintzat laguntzeko: gure etxeetako energia aurreztea, ura zentzuz erabiltzea, hondakinen bilketa selektiborako kanpainetan parte hartzea, etab.

Iñaki Etxeberria

Gaur egun dugun ingurugiro-arazoetako bat kontsumitzen ditugun supermerkatu-poltsen kopuru ikaragarria da eta horretan bai lagun dezakegula. Nork ez du, zakarretarako edo beste eginkizun baterako, behar baino poltsa gehiago hartu supermerkatuan? Ideia bat egiteko, EROSKI kooperatibak soilik, 150 milioi plastikozko poltsa banatzen ditu bezeroen artean. Poltsa horiek ekoizteko petrolio eta energia asko behar da. Gainera, poltsa horiek, erabili ondoren, gure ibai, itsaso edo mendietan botatzen dira eta horrek duen eragin bisualaz gain, lehengaiak eta energia xahutzea esan nahi du. Ezin dugu ahaztu gainera, plastikozko poltsa bat egiteko segundo bat behar bada, naturaren eraginez desegiteko ehundaka urte iragan daitezkeela.

Horretaz jabeturik, EROSKI kooperatibak arazoari aurre egin nahi izan dio. 1991n, plastikozko poltsa, material fotodegradagarriak izateagatik ingurugiroari horrenbesteko kalterik egiten ez dion beste batez ordezkatu zuen, eta aurreko maiatzean, berriz erabiltzeko poltsa jarri zuen bere denda guztietan kontsumitzaileen esku. Berriz erabiltzeko poltsa, material plastikoz, polietilenoz, egindako poltsa da; poltsa “arrunta” baino handiagoa eta erosketak egiteko behin eta berriro erabil daitekeena.

Poltsa “arrunt”en kontsumoa beraz, asko jaisten da. Berriz erabiltzeko poltsa batek 12 bat poltsa “arrunt” ordezkatzen ditu. Poltsa hori eskuratzeko kontsumitzaileak 10 pta. ordainduko du lehen poltsa; eta gerora, erabiltzeagatik poltsa puskatu edo hondatzen denean, berria emango zaio doan. Jasotzen diren poltsa hondatuak, produktu berriak ekoizteko birziklatu egiten dira, petrolioa eta energia bezalako lehengai ez-berriztagarriak aurreztuz.

Orain arte, berriz erabiltzeko poltsa erabili den lehen hilabetean, 120.000tik gora banatu dira; horrekin 4,5 tona petrolio eta 2.000 kW energia aurreztu direla eta 1.449.336 poltsa aurreztu direla estimatzen da.

Kontsumitzaile gisa egindako keinu honekin, asko lagun diezaiokegu ingurugiroari, poluzioa gutxiagotuz eta gero eta urriagoak diren baliabideak aurreztuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia