}

Berotegi-efektua eta tximeletak

1997/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure planetan CO2 gasaren proportzioa igota sortu den berotegi-efektuak Amerikako Euphydryas editha tximeleta-espezieari kalteak eragin dizkio. Kaliforniako Santa Barbarako Unibertsitateko Kamila Parmesan biologoak dioenez, espezie hau poliki-poliki ezkutatzen ari da. Laranja-koloreko hegoak dituen tximeleta hau tenperatura aldaketekiko oso sentikorra da. Beldarra besterik ez denean, bizi edo hil inguruko hostoek erabakitzen dute.

Amerikako Euphydryas editha tximeleta-espeziea poliki-poliki ezkutatzen ari da berotegi efektuak eraginda.

Beroaren eraginez ihartzen badira, beldarrarenak berehala egiten du. Tximeleta honek migrazioa oso noizbehinka baino egiten ez duenez gero, urritzen hasteak batezbesteko tenperaturak gora egin duela esan nahi du.

Parmesan biologoak Kanadatik Mexikorainoko Euphydryas editha tximeleta-populazioa kontrolatu du eta emaitzak oso kezkagarriak dira: latitude baxuenetan hiru laurdenak galdu egin dira. Latitude altuenetan, berriz, lehen baino zertxobait hobeto dabiltza izotzak eta hotzak gutxiago jotzen dituelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia