}

Belarria hatz-markak baino seguruagoa

1994/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Optophone"k belarriaren argazkia ateratzen du (1. irudia). Irudia digitalizatu egiten da (2. irudia). Belarriaren formako irudi informatikoa azaltzen da (3. irudia).

Gaur egun segurtasun-kontrol handia behar den lekuetan pertsonak identifikatzeko erabateko sistemarik ez dago. Gaur egungo txartelen edo giltzen bidezko sistemek baimena identifikatzen dute, baina pertsona ez. Pertsona identifikatzeko erabiltzen diren sistema biometriko batzuk (pertsonaren ahotsa ezagutzen dutenak, esate baterako), “piratea” daitezke (ahotsa erregistratuta, adibidez). Hatz-markak berriz, zauriak badaude edo zikinduta badaude, dezifratzen zailak dira. Pertsonaren begia ezagutzeko sistemak ere oztopoak ditu martxan jartzeko.

Begiratu batera konpondu ezineko arazo den honi, “Art Techniques” izeneko etxeak eman dio irtenbidea, pertsonaren belarria biometriaz ezagutzeko sistemaz. Izan ere, pertsona bakoitzak tamaina, erliebe eta forma bereziko belarriak ditu. Gainera, denboran zehar ez dira aldatzen kartilagozko egitura dutelako. Azken ukituak ematen ari zaizkion prozedura honetan, telefonoaren antzeko pieza batez ukitzen da belarria. Piezaren barruan argiztatzeko sistema batez eta kamera batez belarriaren irudia hartu eta erreferentziatzat duenarekin konparatu egiten du. Konparazioko emaitzaren arabera, atea ireki (ala ez) egiten du.

Sistema berri honi “Optophone” deitu diote eta aplikazio asko du. Bankuetako kutxazain automatikoetan, kreditu-txartela zeinek dakarren identifikatzen du. Galdutako edo lapurtutako edozein txartel berehala neutralizatzen du, jabearen sinadura txipean jasoa duelako. Datu-bankuetako segurtasun-sistema gisa ere erabil daiteke. Telefono numerikoaren sareari esker, erabiltzailearen sinadura fisikoa lau segundotan bidal daiteke. Beraz, datu-banku zentralean ezin daiteke erabiltzaile bat beste baten ordez aritu.

Gela edo leku arriskutsuetara sartzea eragozteko, orain arteko sistema gehienetan eusakarri bat edo kode bat ezagutzen da. “Optophone” deitutako sistema honek pertsonak fisikoki ezagutzen ditu eta automatikoki sartzen uzten die (behar denean), inolako oztoporik gabe. “Telefonoa” erabiltzea besterik ez da egin behar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia