Elhuyar zientziaren komunikazioa

Beirazko pusketan gordetako memoria

2001/03/14 Astobiza, Amaia

Pavel Cheben kanadarrak eta María Calvo espainiarrak informazioa metatzen duten disko optiko holografikoetarako egokia izan daitekeen lehenengo materiala aurkitu dute. Beiraz eta plastikoz egindako nahastea da eta, orain arte egindako saioetan, informazioa sei hilabetez gordetzeko gai izan da.

Nahaste berri hau, erraz-erraz esateko, zuloz jositako beira da. Pelikula sendoak egitea ahalbidetzen du eta, gainera, ez da uzkurtzen. Izan ere, azken hori da material berri honek duen abantaila nagusia, orain arte erabili izan diren materialak uzkurtu egiten baitziren eta, ondorioz, metatutako informazioa galdu edo aldatu egiten baitzen.

Memoria holografikoa hiru dimentsioko argazkiaren antzekoa da. Informazioa kodetzeko, laser-izpi bat zulodun maskara batean zehar igaroarazten da eta argiarekiko sentikorra den material-bloke bat irradiatzen da. Beste laser-izpi batek, erreferentzia-izpi deritzonak, irradiatutako material-blokea gurutzatzen du. Horren ondorioz, argazki-pelikulan puntu argi eta ilunez osatutako irudia agertzen da.

Baina, argazki-pelikuletan ez bezala, memoria holografikoko materialean hainbat 'irudi' gorde daitezke, bata bestearen gainean. Horretarako, angelu desberdinetatik irradiatutako erreferentzia-izpiak erabiltzen dira irudi bakoitza kodetzen duten puntu argi eta ilunak markatzeko. Ondoren, 'irudiak' irakurtzeko, bi laser-izpi gurutzatu erabiltzen dira, idazterakoan erabilitako argi-eredua berreskuratzeko. Beraz, lortzen den informazioa bloke fotosentikorra begiratzen den angeluaren araberakoa izango da, hologrametan gertatzen den antzera. Hartara, informazio asko gorde daiteke bloke txiki batean.

Memoria holografikoak egiteko, fotopolimeroak erabiltzen dira. Fotopolimeroak argiarekin polimerizatzen diren substantziak dira. Oro har, monomeroz osatutako plastikozko matrizea izaten da. Argitan jartzean, monomeroak elkartu egiten dira eta argia era desberdinean igarotzen da polimerizazioa gertatu den eskualdeetatik. Baina, orain arte, ez da informazioa luzaroan eta kantitate handitan meta dezakeen material egokirik aurkitu. Izan ere, gehienetan, pelikula meheak izaten dira, ez bloke sendoak; gainera, fotopolimerizazioan materiala uzkurtu eta informazioa galdu egiten da.

Chebenek eta Calvok aurkitutako materiala, esan bezala, plastikoz eta beiraz osaturiko nahastea da. Plastikoa, alde batetik, argiarekin polimeriza daitekeen monomero akrilikoa da; beira, bestalde, poro asko dituen silizea da. Nahastea egiteko erabilitako silizeak sendoa izan behar du, monomeroek bat egiten dutenean uzkurtu ez dadin.

Beraz, irakurriak irakurri, baliteke aurrerantzean izotz-puska baten tamainako 'disko' bat sartu behar izatea gure aparatuan musika entzuteko. Esaten da, ba, hamaika ikusteko jaioak garela!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia