}

Beherapenak espazioan

1988/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Orain dakargun berri honek ere sobietarren espazio-arloa du ardatz nagusitzat. Joan den otsailaren amaiera aldean adierazi denez, oso prezio egokian eskaini dute sobietarrek sateliteak espazioan jartzeko zerbitzua.

Alexander Dounaiev-ek, Glavkosmos-eko (sobietarren teknologia espaziala saltzen duen enpresa) lehendakariak Suitzan esan duenez, Proton jaurtigailuaren bidez satelite bat espazioan jartzearen prezioa 30 milioi dolarrekoa izango da.

Prezio hau oso ona da europarrek eta iparramerikarrek eskaintzen dutenarekin konparatzen badugu. Ariane europar jaurtigailuaren kostua 40-60 milioiren tartean dago. Iparramerikarrena are eta garestiagoa da. Martin Marietta konpainiak 100 milioitan eskaintzen du Titan jaurtigailua.

Sobietarrek gainera Mir estazio espaziala erabiltzea ere alokatzen dute. Honen kostua, 20.000-30.000 dolar/kg izango da. Sobietar kosmonautek egingo lituzkete saioak, baina bestela nahi izanez gero, alokatzaileek bidalitako kosmonautek egingo lituzkete. Azken kasu honetan, astronautaren kostua estazio sobietarrean igarotako aste bakoitzeko 8-10 milioi dolarrekoa izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia