}

Begi batez ordenagailuaren kontrol osoa

2003/11/27 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

h3>IRISCOM sistemak begiaren mugimenduaren bidez ordenagailua kontrolatzen du. Ideia horrek 2003ko Nueva Empresa Vasca-ren lehenengo saria jaso zuen, eta dagoeneko kalean da. 6 eta 75 urte bitarteko erabiltzaileen artean egindako saioetan, emaitza oso onak ematen ari da.

IRISCOM sistemak Quick Glance deituriko jarraipen-sistema bat erabiltzen du begiaren mugimenduen segimendua egiteko. Ekipo horrek Windows sisteman saguak dituen funtzio berberak betetzen ditu.

Sistema honen bidez, erabiltzaileak saguaren erakuslea pantailako edozein puntutan koka dezake hara begiratzen hutsarekin. Botoia sakatzeko begiak kliskatu behar dira poliki-poliki, edo, bestela, erakuslea denbora batez toki berean utzi behar da. Gainera, pantailan agertzen diren teklatuen bidez, erabiltzaileak testua idatzi edo ahotsa erabilita komunikatzeko aukera du.

Programak Windows-en egin daitezkeen funtzio guztiak egiteko modua eskaintzen du, esaterako: sakatu, sakatu eta mugitu, bi aldiz sakatu, eskuineko botoiarekin sakatu, etab.

Idazteko, Internetetik nabigatzeko, posta elektronikorako, ordenagailuz lagunduriko diseinurako, jokoetarako eta beste hainbat aplikaziotarako erabiltzen da, beraz, Quick Glance programa.

Horretaz gain, sistemak erabiltzailearen begiradak pantailan egiten duen ibilbidearen jarraipena egin dezake. Horretarako, Eye Science izeneko softwarea dauka.

Sistemaren ezaugarriak

Sistema alde bateko esklerosi amiotrofikoa, esklerosi anizkoitza, garun-paralisia, hezur-muineko lesioak eta antzerako ezintasunak dituzten gaixoentzat diseinatua dago. Erabiltzaile horien begien tamaina eta kolorea edozein delarik ere, sistemak berdin funtzionatzen du, eta, gainera, erabiltzaileak lentillak edo betaurrekoak baditu ere, ez dago inolako arazorik.

Begi baten kontrola izatea nahikoa da sistema erabiltzeko. Zein begi erabiliko den hautatu ondoren, sistema begi horretarako kalibratzen da, eta saguaren erakusleak begi horren mugimenduei jarraitzen die. Gainera, ez da beharrezkoa informatikako ezaguerak izatea sistema erabili eta komunikatu ahal izateko; izan ere, programa sinplea eta intuitiboa da.

Sistemaren gakoa kameran dago, erabiltzailearen begiari begira dagoen kameran. Kamera hori prestazio altuko ordenagailu eramangarri batean jartzen da. Horrela, ordenagailua gurpildun aulki batean ezarri, joan-etorrietan eraman edo erabiltzen ez denean jaso egin daiteke.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia