Bederatzi emakume profesionalen eskutik, STEAM mundua gertutik ezagutu dute Bizilabeko gazteek

Azaroan zehar, Iruñeko, Beasaingo, Getxoko, Elgoibarko eta Laudioko Bizilabeetako gazteek STEAM arloko bederatzi emakume profesionalen bisita jaso dute. Topaketa horien bidez, askotariko lanbideak, ibilbide profesionalak eta zientziak eta teknologiak gure eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak gertutik ezagutzeko aukera izan dute.


Bizilaberen helburuetako bat da gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea eta STEAM arloko lanbideak ezagutaraztea. Horretarako, azaroan zehar, hainbat esparrutan lan egiten duten emakume profesionalak gerturatu dira Bizilabeetara, beren ezagutzak eta esperientziak gazteekin partekatzera.

Ekimenaren bidez, gazteei gertuko emakume erreferenteak ezagutzeko aukera eman nahi zaie, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako genero-estereotipoak gainditzeko eta etorkizuneko STEAM bokazioak sustatzeko.

Iruñeko Bizilaben, euskarazko taldeak Itziar Pérez de Ciriza Macaya, Nafarroako Unibertsitate Publikoko musika-arloko irakasle eta ikertzailearen bisita izan zuten. Gaztelaniazko taldearekin, berriz, Marta Grasa Lainez, Nafarroako Unibertsitateko fisika-arloko ikertzailea, izan zen.

IMG_6417


Beasaingo Bizilaben, Mariana Medina Sánchez, CIC nanoGUNEko nanomedikuntzaren arloko ikertzailea izan zen gazteekin. Bisita Beasaingo Udalak CIC nanoGUNErekin elkarlanean garatzen duen PartekatuZ proiektuaren baitan antolatu zen.

WhatsApp_Image_2026-11-17_at_20.52.27.original


Getxoko Bizilaben, Zuriñe Zulaika Bilbao meteorologoaren bisita izan zuten, eguraldiaren iragarpenen atzean dagoen zientzia gertutik ezagutzeko.

WhatsApp_Image_2026-11-25_at_10.16.43_1.original


Elgoibarko Bizilaben, ikerketaren eta industriaren arloko lau profesional izan ziren: Miren Aguirre Arrese (POLYMAT), Guadalupe Sandoval Castro eta Leire Garate Rodrigo (SORALUCE S. Coop.) eta Amaia Gabilondo Peñalba (ETXETAR).

WhatsApp_Image_2026-11-19_at_20.35.48.original (1)

Laudioko Bizilaben, Izaskun Guerrero Martínez arkitektoaren bisita izan zuten. Laudion bertan du bere arkitektura-estudioa, eta, saioari amaiera emateko, Da Vinciren zubiaren erronka proposatu zien gazteei, arkitekturaren eta ingeniaritzaren oinarrizko printzipioak modu praktikoan lantzeko.

1169c285-1fe4-451e-9b36-7844c4835f07

Gertuko emakume erreferenteak, etorkizuneko STEAM bokazioak sustatzeko

Musika, fisika, nanomedikuntza, meteorologia, materialen zientzia, industria eta arkitektura izan dira aurtengo bisiten protagonistak. Bederatzi emakume profesionalen eskutik, Bizilabeko gazteek STEAM munduaren aniztasuna eta arlo horiek eskaintzen dituzten aukera profesionalak ezagutzeko aukera izan dute.

Horrelako ekimenen bidez, Bizilabek zientzia eta teknologia gazteengana gerturatzen jarraitzen du, emakumeen ekarpena ikusaraziz eta gazte guztiek, genero-estereotipoetatik harago, beren etorkizun profesionala askatasunez irudikatzeko aukerak sustatuz.

Elhuyar Zientzia