Basque Research webguneak 10 urte

2012/06/07 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elhuyar Fundazioaren Basque Research webguneak hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren erakusleiho izaten. Hamar urte hauetan, 8.000 albiste eta ekitaldi bildu eta zabaldu ditu; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean ere. Eta urteurrena ospatzeko, argitaratutako albiste irakurrienen zerrenda osatu du Basque Research-ek.

Urre-, zilar- eta kobre-atomoen magnetismoari buruzko albiste bat da webguneko albiste irakurrienen zerrendaburu. EHUko zenbait ikertzailek nazioarteko talde batekin elkarlanean egindako lan horrek galdera berriak planteatzen ditu magnetismoari lotutako mekanismo fisikoen inguruan, eta ate berriak irekitzen dizkie zenbait gaixotasunen tratamendurako aplikazio interesgarriei. Bigarren irakurriena, Lizarrako BSH enpresak Siemens etxearekin batera garatutako Dressman plantxatzeko robotaren inguruko albistea da. Alkandorak plantxatu eta lehortzeko robot bat da hori. Eta horren ondoren bisita gehien jaso dituena, antzinako DNAren azterketak baliatuz Arabako Aldaieta nekropoliko populazioaren inguruko EHUko beste lan bat izan da.

Hau da hamar urte hauetako hamar albiste irakurrienen zerrenda:

1         Magnetikoak bihurtu dituzte urre-, zilar- eta kobre-atomoak  (38.962 bisita)

2         Dressman, plantxatzeko robota  (18.824 bisita)

3         Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoa berregiten  (16.737 bisita)

4         Familia-insomnio hilgarria eragiten duen mutazioaren jatorria  (10.596 bisita)

5         Itziar Laka: “Hizkuntza burmuinean dago”  (10.304 bisita)

6         Robot industrialen portaera hobetzeko metodo berriak  ( 9.950 bisita)

7         Osasunari lotutako bizi-kalitatea neurtzea, bioestatistikaren desafioa  (9.779 bisita)

8         BIOSEK, biometriako sistemak ebaluatzeko sistema  (9.631 bisita)    

9         Propietate elektromagnetiko berriak dituzten metamaterialak  (9.585 bisita)    

10     Bertsolarien “gaitasuna” aztertuko du BCBL-k  (9.339 bisita)

 

Hamar albiste horiek dira nazioartean oihartzun handiena izan dutenetako batzuk. Izan ere, ikerketa eta garapena zabaltzeko sareak sortzea izan da Basque Researchen lehentasuna hasiera-hasieratik. Hala Europako ikerketa biltzen duen Alphagalileo eta Europako Batzordearen Cordis Wire webguneekin dituen lankidetzak. Era berean, Basque Researchen argitaratutako albisteak American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearena Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira. Sare horri esker, hamar urte hauetan, Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia