Jokin del Amoren tesia pankrea-minbiziaren ingurukoa da. RNAtik abiatuta, minbizi-mota hori diagnostikatzeko markatzaile batzuk garatu ditu del Amok. Izan ere, tumore-zelula horietan gertatzen den RNA sintesia -eta ondorioz, proteinena- ez da zelula normaletan gertatzen denaren berdina. Hala, tumore-zelulen eta zelula normalen RNAk konparatzean desberdintasunak nola identifikatu dituen kontatzen du, zazpi desberdintasunen jokoa gogora ekarriz. Lan horregatik, ordenagailu eramangarri bat jaso du Jokin del Amok, Sistek Informatika y Microsistemas etxearen laguntzari esker.

Bigarren saria Rosa Iglesias Perez matematikariak irabazi du, Welcome to the World of haptics for industrial applications (Ongietorri industria-aplikazioetarako mundu haptikora) lanarekin. Mundu haptikoa ukimenaren mundua da, eta zentzumen hori erabiltzen duen teknologiaren ingurukoa da lan hau. Lan horregatik, PDA bat jaso du Rosa Iglesiasek, Eroski Kooperatiba Elkartearen babesletzari esker.
Azkenik, aurtengo aipamen berezia euskaraz aurkeztutako lan onenari ematea erabaki du epaimahaiak. Izan ere, aurtengo lehiaketan ez dira asko izan euskarazko lanak, eta alderdi hori sustatzeko asmoz hartu du erabaki hori. Euskarazko lanik onena Eta orain, sinatu hemen mesedez izan da. Hain zuzen ere, Bilboko Ingeniarien Goi Eskolako (EHU) Juan Jose Igarza Ugaldea doktoreak sinadurak ikertu ditu lan horretan. Askotan erabiltzen ditugu sinadurak identifikazio gisa, eta Igarza doktoreak sinadura horien kautotzea nola egin daitekeen ikertu du. Lan horri esker, bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia jaso du landetxe batean, Nekatur elkartearen eskutik.
Aurten, 33 lan aurkeztu dira guztira sariketara. Lanak Nafarroako Unibertsitatekoak, Nafarroako Unibertsitate Publikokoak eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak izan dira. Epaimahaiak, lan irabazleak aukeratzeko, ikerketaren muina era ulerterraz zein erakargarrian eta terminologia egokia erabiliz azaltzeko gaitasunari eman dio garrantzia. Epaimahaiaren esanean, "lanak maila onekoak izan dira eta, ondorioz, ez da erraza izan aurtengo irabazleak hautatzea".
Sariketara aurkeztu diren lan guztiak www.basqueresearch.com web gunean daude ikusgai.
Lopez Viña, Rakel
Marketin saila
Marketin sailaren barruan Elhuyar Fundazioko eta bertako proiektu, zerbitzu eta produktuen komunikazio arduraduna.
Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean (Iruñea), eta Elhuyar Fundazioan baino lehen, El Diario Vasco egunkarian aritu da erredaktore gisa, Madrileko J. A. Llorente & O. Cuenca komunikazio agentzian komunikazio proiektu desberdinak garatu ditu eta Donostiako Apros Grupo Consultor enpresan komunikazio-arduradun gisa aritu da.