}

Basoak berreskuratzeko langileak

1995/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atta sexdens izeneko inurria uste baino lagungarriagoa gerta daiteke basoen ustiapenaren ondorioz baliabiderik gabe geratu diren lursailak berreskuratzeko.

Atta sexdens izeneko inurria da ondoko argazkian ikus dezakezuna. Amazoniako nekazarien etsai amorratua da inurri hori, uztak txikitu egiten baitizkie. Aseezina dirudi inurriak eta basoetako landareak ditu gustukoenak. Nekazariek makina bat trikimailu erabili dute inurria akatzeko, baina alferrik izan dira ahalegin guztiak orain arte. Inurriak bere burua babesteko mekanismo harrigarriak erabiltzen ditu eta espeziearen iraupena ezezik, ugalketa ere ziurtatu egiten omen du.

Alabaina, gaitasun horri esker Amazoniako ohiana babesterik izango dela uste du Brasilgo eta EEBBetako ikerlari-talde batek. Atta sexdens izeneko inurria izan ere, uste baino lagungarriagoa gerta daiteke basoen ustiapenaren ondorioz baliabiderik gabe geratu diren lursailak berreskuratzeko. Biologo horien iritziz, inurriak lurzoruaren konposizio fisiko eta kimikoa aldarazten ditu eta era horretara lurrak behar dituen nutrienteak erakartzea ahalbideratzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia