Baso tropikalaren patua
1989/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alde batetik, Thailandiako gobernuak basoaren ustirapen komertziala debekatu egin du. Bestetik, Malaysiako gobernuak basoa botatzearen kontra ari ziren 100 lagun giltzaperatu ditu Borneo irlako Sarawak eskualdean, basa ustirapenaren kontra ari direnak borrokatzeko ezarri den lege berri bat aplikatuz.
Thailandiako gobernuaren erabakiak ustegabean harrapatu ditu talde ekologistak eta giza trajedia baten ondorio izan da. Ustirapen basatia izan omen da joan den azaroan 350 lagun hil zituen uholdearen kausa. Horrelakorik berriro ez dela gertatuko segurtatzeko, basa ustirapenerako kontzesio guztiak kentzea dela egokiena erabaki du Thailandiako gobernuak.
Thailandia gaur egun zur-inportatzaile da. 1978.az gero zur tropikalaren esportazioak mugatuak izan dira. Orain, basoak Thailandiako gainazalaren %17 estaltzen du; 1950.ean ordea, bi herenak estaltzen zituen.
Thailandiarren erabakiak, munduko basa ustiapenerako konpainiak beldurtu egin ditu. Konpainia hauek indar egiten ari dira presio-talde moduan gobernuen aurrean, baso tropikala mantentzeko eta nekazari eta abeltzainak defendatzeko bide bakarra ustirapen arrazionala dela esanez. Dena den, baso tropikal berriztagarriak ezartzeko orain arte egin diren saioek porrot egin dute.
Eztabaida zientifikoak ez du zerikusirik konpainiek eta Sarawak-eko biztanleek elkarren artean duten borrokan. Sarawak eskualdean dirau egun Hegomendebaldeko Asian dagoen oihan tropikalik handienak.
Herrialde garatuek inportatzen duten zur tropikalaren bi herenek Malaysian dute jatorria. Malaysiako zur-baliabiderik nagusienak Sarawak eta Sabah eskualdeetan daude. 1987.az gero basoan bizi den jendea basa errepideak blokeatzen ari da, ustirapena bere lurraldetik urrun mantendu asmoz.
Ustirapena basatia da lurralde horietan. Zenbait tokitan egunero 24 ordu egiten dituzte lanean eta eurijasek bakarrik geldi erazten dute basoen botatzea.
Malaysiako gobernuak kanpo-presioak izan ditu basa ustirapenaren kontra daudenak borrokatzeko legerik aplika ez dezan. Hala ere, gobernuak basoen ustirapen basatia salatzea mehatxu politiko eta ekonomiko moduan ikusten du. Gainera, bere ustetan basoan bizitzea anakronismoa da Asiako hirugarren herririk aberatsenean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia