Basabizitzatik desagertutako espezieak desagertzeko arrisku handiena dutenen kategorian daude Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Baina espezie horiek ez dira naturan daudenak bezala ebaluatzen, eta ez dira oso kontuan hartzen. Ikertzaile-talde batek ex situ animalia eta landareen datuak berrikusi ditu, eta ondorioztatu dute benetan egoera arriskutsuan daudela. Science aldizkarian argitaratu dute lana.
Basabizitzatik desagertuta dauden 84 espezie aztertu dituzte, 40 animalia eta 44 landare. Zooetan, akuarioetan, lorategietan edo hazi-bankuetan diraute espezie horiek. Eta emaitzek erakutsi dute populazio gehienak oso txikiak direla, txikiegiak, segurtasun demografikoa bermatzeko. Gainera, landareen kasuan, espezie gehienak oso pertsona gutxiren eskuetan daude; gutxiengo bat baino ez dago ongi gordeta hazi-bankuetan.
Ikertzaileek nabarmendu dute iraungitzea eta berreskuratzea, biak direla posible espezie hauentzat, eta nazioarteko ahalegina eskatu dute, bigarren aukeraren alde egiteko.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.