Elhuyar zientziaren komunikazioa

Barre egitea osasungarria da

1986/06/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Barrea, gizakiok komunikaziorako darabilgun bide esklusiboa da; gure portaera-modu berezienetako bat. Zalantzarik gabekoa da, barre egiteak mesede handia egiten diola gorputzari.

Barrea, gizakiok komunikaziorako darabilgun bide esklusiboa da; gure portaera-modu berezienetako bat. Gure lagun eta adiskideekin barre egiten dugun bitartean, gure etsaietaz barre egiten dugu. Bestalde, gure nahi eta beldurrak txiste eta algara bihurtzen ditugu. Eta nahiz eta hain eguneroko gauza izan, barrea gizakiaren gauzarik barneko eta kutunenetako bat da; animaliengandik gehien bereizten gaituen marka edo seinalea.

Pertsona bakoitzak bere barre egiteko modua du. Ez da gauza bera Leonardo da Vinci-ren Giocondaren irrifar misteriotsua edo pailazoak sorterazten duen algara alaia. Zenbait kasutan barrearen eraginez negar ere egin daiteke. Gaur egun artifizialki ere barre egin daiteke, nitrogeno suboxidoa (edo barrearen gasa deitua) erabiliz.

Inork ez daki zergatik ez dugun guztiok gauza berarekin barre egiten, eta zergatik une jakin batean barregarria gertatzen zaigun zerbaitek beste okasioren batean inolako eraginik ere ez digun sortzen. Barreak beste anima-egoera guztiek baino gogorrago helduko digu; barrea kutsakorra da erabat. Eta barne-organoen masaje egoki eta apropos bezala iharduten du.

Barre-algara bat botatzen dugunean, begi-niniak zabaldu egiten dira, begiak distiratsu jarriz, eta odol-presioa eta bihotzeko taupaden maiztasuna beren ohizko mailetatik behera daude. Bestalde, barre egitea liberazioa da gorputzarentzat. Irrifarrak eta barre-algarak deserosotasunetik babesten gaituzte, beldurra eta kontzientzia txarra uxatuz. Txisteak ametsen antzeko dira; bietan gure nahi eta asmo sinbolikoak betetzen bait dira. Pertsona esna dagoenean, bere liberazio-bidea barrea eta algara dira; lo dagoen bitartean agresioa ametsen bidez liberatzen da ordea.

Barrearen oinarrian, gertatutakoaganako nolabaiteko urruntasuna somatzen dugu. Sigmund Freud-ek zioenez, barrea ez da "sentimenduen aurrezte edo gordetzea" besterik. Norbaitek banana-azal batekin irrist egin eta lurrera erortzen denean, gure lehen erreakzioa barrezkoa izango da; baina gertatutakoa distantzia batetik ikusten badugu soilik. Pertsona horren lekuan jarriko bagina, ezinezkoa izango genuke barreka jarraitzea.

Aldi berean, barreak lasai gaudela adierazten du, normalean behintzat. Erreflexu baketsu hau oso sustraitu da eboluzioan zehar giza espeziean eta gaur egun, gure baitan, bizirik dirau sentimendu anbiguo samar baten moduan: herabetasunagatik barre egiten dugu, baina baita nahasturik aurkitzen garenean ere, aurkajarriak diren bi sentimenduren artean kateaturik gaudenean.

Barrea martxan jartzen denean, geure borondatearen gainetik dago. Ez dezakegu ezer egin ekiditeko; barre besterik ez. Aldez aurretiko abixurik ere gabe, gauza normalen segida eten egiten da, arnasketa guztiz nahasten da. Arnasten dugun airea indar handiagoz botatzen dugu eta zenbat eta denbora gehiagoan barre egin, are eta aire gutxiago daukagu biriketan. Horrexegatik, barre-atake gogor baten ondotik, gutxienez segundo-pare bat behar izaten dugu geure onera bueltatzeko eta normaltasunez arnasteko.

Bihotzak ere bere pasadatxoa jasaten du. Barre-algara bat botatzen dugunean, bihotz-taupadak minutuko 120 izateraino irits daitezke (normalean 70 inguruan daudelarik). Odol-presioa ere igotzen da. Barrearen ondoren, bi zifra horiek maila normaletik zertxobait jaisten dira. Medikuek uste dutenez, ARIKETA ona da barrez aritzea tentsioa altua duten pertsonentzat. Hala ere, gaixorik dagoen bihotzarentzat barre-algara gogorregiak kaltegarri izan daitezke.

Pertsona batek barre egiten duenean, bere hipotalamoak beta-endorfina izeneko substantzia bat jariatzen du. BARRE-ENTZIMA honek, tentsioak, ahaleginak, burukominak eta depresioak baretu eta gozatzen ditu. Bestalde, barreak liseriketaren gain diharduten guruinak estimulatzen ditu: humore onez gaudenean urdailak hobeto lan egiten du, elikagaiak hobeki aprobetxatzen ditu eta honek gizendu egiten gaitu. Begira "barre egiteak loditzea dakarrela" dioen esaera hori oinarri zientifikoz nola jantzi zaigun.

Zalantzarik gabekoa da, barre egiteak mesede handia egiten diola gorputzari. Ahantz ditzagun, bada, gure pena eta atsekabeak eta ireki diezaiogun bidea barreari; une alai eta pozgarri horiek gure gorputzak eskertuko bait dizkigu. Horrela izan dadila!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia