Azkenean, gaur espazioratu dute Dragoi ontzia
2012/05/22 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dagoeneko lortu dute: lehen aldiz joan da espazio-ontzi pribatu bat ISS espazio-estaziora. Gaur goizean espazioratu dute SpaceX enpresako Dragon zamaontzia. Lehen bidaia hau probakotzat hartu dute; NASAk lagundutako proiektua da, Dragon eta beste ontzi pribatu batzuekin ordezkatu nahi dituztelako dagoeneko erretiratu dituzten transbordadoreak.
Hegaldian, Falcon 9 suziriak garraiatu du Dragon kapsula atmosferatik irten arte. Orbitan sartu da, eta eguzki-panelak zabaldu ditu, eta ISSrako bidean dago. ISSko beso robotiko batek hartuko du, eta estazioaren laborategiarekin akoplatzen lagunduko dio. ISSko astronautek aterako dute zama, eta, gero, Dragon Lurrera itzuliko da. Planifikatutakoaren arabera, apirilaren 30ean jaurti behar zuten Dragon kapsula Cañaveral lurmuturretik, baina, batetik, azken uneko test batzuk egin ahal izateko eta, bestetik, Falcon 9 suziriaren motor baten arazoak zirela, jaurtiketa bi aldiz atzeratu behar izan zuten. Azkenean, maiatzaren 22an jaurti dute.
Probako hegaldia tripulatu gabekoa izan zen, eta ISSra eraman zituen 1.181 kilo zamatatik, 660 kilo Lurrera bueltan ekarri zituen. SpaceXko Elon Musk diseinatzailearen arabera, hiru urteko epean lortuko dute misio tripulatua bidaltzea ISSra. Maiatzeko hegaldia zen horretarako egin behar zuen lehen urratsa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia