Jaione Bengoetxea Azurmendi ikertzaileak IkerGazte kongresuko ahozko aurkezpen onenaren saria jaso zuen, ingeniaritza- eta arkitektura-arloan, ‘Euskara eta gaztelaniazko kontra-narratiben sorkuntza: datuen sorrera eta ebaluazioa’ lanarekin. Azaldu duenez, ordea, horra iristeko bidea ez zuen ingeniaritzatik hasi, hizkuntzalaritzatik baizik: “Ingelesa ikasi nuen, hizkuntzak berak erakarrita. Egia esan, karrera hasi arte, ez nekien oso ondo hizkuntzalaritza zer zen edo nondik zihoan, eta asko gustatu zitzaidan”, gogoratu du.
Laugarren mailako praktiketan sartu zen hizkuntza-teknologian. “Arlo horretan dabilen enpresa batean egin nituen praktikak, Gasteizen, eta gustatu zitzaidan pila bat. Gero, gainera etorri ziren, informatikako fakultateko irakasle batzuk masterra aurkeztera, eta probatzea erabaki nuen”. Estereotipoaren arabera, letretako jendea ez da oso teknologia-zalea, baina Bengoetxeak argitu du zerotik ikasi zutela programatzen eta irakasleek asko lagundu zietela: “Programatzen ikastea ez da beste hizkuntza bat ikastea bakarrik; pentsatzeko beste modu bat da. Hasieran pixka bat shock-a izan zen, baina, behin hori gaindituta, gustura sartu nintzen mundu honetan”.
«sare sozialetan kaltea egiten zuten eta gorrotoa hedatzen zuten mezuak sortzen ari ziren, eta ez zegoen ezer aurre egiteko»
Eta, behin sartuta, adimen artifizialaren olatua etorri zitzaion: “Azkenengo lauzpabost urteko kontua izan da, eta justu duela bost urte egin nuen masterra. Beraz, geroztik, beti ibili gara olatu horren barruan: gauza bat irakurtzen ari zara, eta justu gai horri buruz, munduaren beste puntan, norbait ari da ikertzen eta gauza berriak ateratzen. Eta hain azkar doa, beti duzula irudipena atzetik zoazela, nolabait”.
Irudipenak irudipen, IkerGazten aurkeztutako lanak erakusten du jakin duela olatua surfeatzen. “Master-amaierako lana izan zen. Izan ere, ikusi zuten bazegoela hutsune bat: sare sozialetan kaltea egiten zuten eta gorrotoa hedatzen zuten mezuak sortzen ari ziren, eta ez zegoen ezer aurre egiteko”, azaldu du Bengoetxeak.
Kontra-narratibetatik euskalkietara
Hain zuzen, kontra-narratibak gorroto-diskurtso ari erantzuteko erabiltzen diren erantzun ez-oldarkorrak dira. Ingelesez eta beste hizkuntzaren batean, adibidez, italieraz, bazegoen horrelako zerbait; euskaraz, aldiz, ez zuten ezer aurkitu: “Hortaz, gehien bat, itzultzen ibili nintzen, italieratik. Nahiko dibertigarria zen ikustea zer erantzun ematen zituen. Gero, kontua zen automatikoki sortzea, eta hori erronka nahiko handia zen. Baina, behintzat, lortu genuen lehen bultzada ematea eta jendearen eskura jartzea datu-base bat euskaraz”.
Orain doktore-tesia egiten hasi da, eta guztiz aldatu du gaia: “Nire ikerketan, hizkuntza-teknologiek euskalkiak hobeto ulertu ditzaten saiatzen ari naiz. Hasieran gaude, eta, beraz, oinarria jartzen ari gara. Lehenik, ebaluazio bat egin dugu, batez ere, gipuzkera, bizkaiera eta nafarrerarekin, eta, azkenaldian, pixka bat zentratu gara gehiago bizkaieran. Asmoa da ahalik eta euskalki gehien aztertzea, baina zaila da, ez baitago datu asko”.
«hizkuntza-teknologiek euskalkiak hobeto ulertu ditzaten saiatzen ari naiz»
Hala ere, gustura dago, normalean tesia egiten duen jendeak lan bakartia dela dioen arren, bera ondo lagunduta baitago. Halaxe aitortu du: “Taldean oso giro ona daukagu, eta asko gara, eta batak besteari laguntzen diogu. Egia da beti egongo dela uneren bat ez dakizula oso ondo nora jo edo nondik jo. Baina azkenean beti aurkitzen duzu bidea. Azken finean, hori da ikertzea: bidea bilatzea”
Jaione Bengoetxea Azurmendi Usurbilen jaioa da, 1998an. Ingeles ikasketak ikasi ditu EHUn, eta gero Hizkuntzaren analisi eta prozesamenduaren masterra egin du EHUko informatika fakultatean. Orain doktore-tesia egiten ari da, hizkuntza-teknologiak eta euskalkien inguruan.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







