}

Azenarioa eta kalabaza

2004/02/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azenarioak eta kalabazak, ezberdinak badira ere, oso ezaugarri berezi bat dute: beta karoteno edo A probitamina asko dute. A bitamina

Azenarioa izen bereko landarearen sustraia da. Normalean laranja kolorea izan ohi du, baina barietate horixkak ere badira. A probitamina edo beta karoteno gehien duen janaria da.

Kalabaza berriz, kukurbitazea familiako kalabaza-landarearen fruitua da. Forma askotakoa izan daiteke: biribila, obalatua, botila-formako luzexka.... Azala laranja, horia, berdea, zuria, beltza edo morea izan daiteke. Mamia edo barneko haragia laranja edo horia izan ohi da, eta barnean haziak izaten ditu.

Azenarioak eta kalabazak oso energia gutxi ematen dute. Konposizioan, uraz gain, karbohidratoak dira nagusi; proteina- eta koipe-kantitatea, berriz, oso urria da.

Jarraian aipatzen diren substantziek egiten dituzte berezi bi barazki hauek:

Karotenoideoak

Kalabaza kukurbitatea familiako kalabaza-landarearen fruitua da.

Batez ere gure gorputzean A bitamina bilakatzen den beta karotenoa. Karotenoak ezinbestekoak dira begiko erretinak egoki funtzionatzeko, gaueko ikusmenari dagokionez batik bat. Estatu Batuetako Harvard Unibertsitatean eginiko ikerketa batek erakutsi duenez, beta karoteno ugari duten jakiek, potasio-kantitate egokia badute (azenarioaren eta kalabazaren kasuan bezala), kristalinoan begi-lausoa sortzea eragozten dute.

Barazki-zuntzak

Gehiena pektina da. Hesteetako mukosa eta mugikortasuna hobetzen ditu, eta hesteetako minbizia eragozten du.

Sodio gutxi eta potasio ugari

Kalabazak batez ere. Ezaugarri hori dela eta, oso gomendagarriak dira hipertentsioa eta arterietako arazoak dituztenentzat. Izan ere, hipertentsio-kasuetan sodioa gutxitzea eta potasioa gehitzea komeni da, eta, hain zuzen, hori lortzen da janari hauekin.

Beta karoteno ugari duten jakiek, potasio-kantitate egokia badute, kristalinoan begi-lausoa sortzea eragozten dute.

Arteriak babesteko, beharrezkoa da, koipea eta sodioa gutxitzeaz gain, beta karotenoa bezalako bitamina antioxidatzaileak hartzea. Beraz, bai azenarioa eta bai kalabaza oso garrantzitsuak dira arterietako arazoak dituzten pertsonentzat. Kasu horietan, kalabaza gutxienez astean hirutan hartzea komeni da.

Prestatzeko moduak

  • Gordinik har daitezke entsaladan, zatituta edo birrinduta.
  • Egosita, edozein barazki edo lekaren lagungarri gisa. Adibidez, porru-patatak, zerbak edo dilistak prestatzen baditugu, oso osasungarria da kalabaza- eta azenario-zatiak gehitzea.
  • Egosita eta purean: Azenarioa eta kalabaza egosi, purean pasa eta olio pixka bat gehitu. Zaporea indartu nahi bada, baso bat esne gehi dakioke.
  • Haragiari, arrainari edo arrautzari laguntzeko: ilarrekin, txanpiñoiekin eta beste barazki batzuekin osa daiteke.
  • Azenarioaren eta kalabazaren zukua ere oso ona da. Sagarra edo beste fruta batzuk ere erabil daitezke: granada, udarea...

1913an jakin zen lehen aldiz A bitaminaren berri. Gaur egun ezagutzen diren bitamina liposolugarrietatik (A, D, E, K) huraxe izan zen lehenengo aurkitu zutena.

Animalia-jatorriko produktuetan, erretinol moduan aurkitzen da, honako janari hauetan: gibelean, giltzurrunetan, margarinan, arrautzetan, esnekietan, gurinean eta arrainen gibeleko olioan.

Landareetatik eratorrietan, berriz, karoteno moduan topatzen dugu, batez ere kolore horia edo laranja duten barazki eta frutetan: azenarioa, kalabaza, albertxikoak… Zenbat eta kolore laranjagoa, orduan eta karoteno gehiago dute.

A bitaminak oso funtzio garrantzitsuak betetzen ditu ikusmeneko kono eta bastoietan. Larruazala osatzen ere laguntzen du, larruazaleko zelulak ekoizten baititu. Gainera, antioxidatzailea da, eta, ondorioz, infekzioen eta minbizien aurka babesten du. Azkenik, hezurren osaketan eta garapenean parte hartzen du.

Egunean honenbeste A bitamina hartzea komeni da:

0-10 urteko haurrek 400-700 ug RE+
Helduek: Gizonezkoek 1.000 ug RE
Emakumezkoek* 800 ug RE

  • + A bitamina erretinolen baliokide gisa neurtzen da (RE = Retinol Equivalente): RE 1 = 1 ug A bitamina.
  • Haurdunaldian, edoskitze-garaian eta zenbait arazoren aurrean, bitamina honen beharrak 200-300 ug handitzen dira batez beste.

A bitamina gutxiegi hartzearen ondorioak, berriz, hauek izan daitezke:

  • Ikusmen-arazoak, gaueko itsutasuna bereziki.
  • Azala lehortu eta gogortu egiten da, eta ezkata modukoak agertzen dira.
  • Atzerapena hazkundean, depresioa, minbizi-arriskua...

Hala ere, A bitamina gehiegi hartzea ere ez da komeni. Izan ere, liposolugarria denez, gorputzean eta bereziki gibelean metatzeko joera du, eta, ondorioz, gehiegi hartuz gero arazoak eragin ditzake. Zaila da hori gertatzea, oso kopuru handiak hartu behar direlako, 15.000 RE; baina gertatu izan da A bitamina botika gisa hartu duten pertsonetan. Kasu horietan, sintoma hauek agertzen dira: gosea gutxitzen da, ilea erortzen da, gibela eta barea handitu egiten dira, etab. Beraz, kontuz A bitamina duten botikak edo gehigarriak hartzen badituzue.

Azenarioaren konposizioa

Energia kcal/100 g43Proteina g/100 g1,03Koipe g/100 g0,19Karbohidrato g/100g7,14Ura %87,8Zuntz g/100 g3Beta karotenoa ug RE2.813Potasio mg/100 g323Sodio mg/100 g35 Kalabazaren konposizioa Energia kcal/100 g26Proteina g/100 g1Koipe g/100 g0,1Karbohidrato g/100g6Ura %91,6Zuntz g/100 g5Beta karotenoa ug RE160Potasio mg/100 g340Sodio mg/100 g1

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia