Nerbio-sistema periferikoaren eta zentralaren artean dauden ezberdintasunen zergatia jakin nahian, azterketa ugari egiten ari dira zientzialariak. Kaliforniako Stanford Unibertsitateko zientzialariak ere horretan dabiltza, eta azken emaitzak Science aldizkariaren ekainaren 7ko alean plazaratu dituzte.

Zientzialariek erretinako gongoileko neuronak aztertu dituzte, eta 8 eguneko arratoien neuronek axoi berria sortzeko gero eta gaitasun gutxiago dutela ikusi dute. Aldiz, enbrioi-neuronatan axoi berriak sortzeko gaitasuna mantendu egiten da.
Horren zergatia erretinan dauden amakrina zeluletan dagoela ikusi dute. Neuronek isolatu aurretik zelula horiekin kontaktua izanez gero, axoiak sortzeko gaitasuna guztiz galtzen dutela ikusi dute zientzialariek. Amakrina zelulak nerbio-sisteman agertzen direla aspalditik dakite zientzialariek, baina eragin hori zutenik ez da jakin orain arte.
Beraz, neuronen inguruko substantzia kimikoek axoien sorreran eragina duten bezala, kontuan izan beharko da axoien sorrera behin betiko galarazten duten mekanismo zelularrak ere badaudela.
Orobengoa, Olatz
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa