}

Autoetako gurpilen birziklapena

1999/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Autoetako pneumatiko zaharrek ez dute beste erabilerarik, ez eta birziklapen-sistemarik ere. Beraz, gero eta gehiago pilatzen diren auto-gurpilei irtenbidea ematea benetako arazoa da herri industrializatu gehienetan.Orain arte konponbide bakarra gurpilak gordailuetan gordetzea eta kautxoa naturalki usteldu arte itxarotea izan da, baina horrek 100 urte eman ditzake eta gainera ingurugiroa erabat kalte daiteke gordailuak su hartuz gero.

Duela gutxi EEBBetan 9 hilabete iraun zuen sute bat izan zen gordailu hauetako batean eta ingurugiroa zeharo kalteturik geratu zen gasen eta konbustio-olioen ondorioz. Arazo honi irtenbidea eman nahian Albaceteko Villarrobledo herrian Neumatiko Erabilien Berrerabiltze Ekologikorako proiektu piloto bat martxan jarri da, Europako komisioaren laguntzaz. Proiektu honen helburua hondakin hauek bere oinarrizko osagaietan banatu eta industriarako lehengaiak lortzea da.

Horrela, gurpiletatik kautxoa, telak eta altzairua lor daitezke eta era guztietako produktuak egiteko erabili. Besteen artean, labanentzako kirtenak, errepideetarako pantaila akustikoak eta etxerako altzariak. Proiektuaren arduradunak inguruko zenbait enpresekin harremanetan jarri dira produktu hauek bultzatzeko asmoz. Sistema martxan jartzen denean, Europako gurpilen birziklapenerako lehen planta izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia