}

Autoen barneko zarata desagertzeko zorian

2002/01/25 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Koreako Zientzia eta Teknologia Aurreratuaren Institutuan autoen barneko zarata txikiagotzeko metodo bat asmatu dute.

Sistema horren bidez 6 dezibelio gutxiagokoa izango da normalean 60 dezibeliokoa den autoen barneko zarata. Gutxitze hori txikia iruditu arren, orain arte lortu den handiena da. 60 dezibeliotik 50era dagoen aldea konparagarria da autoan leihoak irekita entzuten dugun zarata eta zarata hori bera 30 metrotara entzutearekin.

Sistemak fase kontrajarriko uhinen efektuaz lan egiten du, hau da, soinu-uhin bati fasean kontrajarria den beste soinu-uhin berdin bat batzean, biak desagertzen dira. Efektu hori lortzeko, autoan hainbat transduktore jartzen da bozgorailuei lotuta.Sentsoreek, zarata jasotzen dutenean, kontrajarria den seinalea eraikitzen dute berehala. Teknika hori, kontrol aktiboa deiturikoa, hegazkin, itsasontzi eta makinen zarata txikiagotzeko erabiltzen da.

Bibrazioaren soinua

Autoa errepidean doanean, askoz zailagoa da gurpilen eta beste atalen bibrazioek sortzen duten soinua ezabatzea. Esekiduraren bidez jasotzen den zarata hori neurtzeko, auto guztian banatu beharko lirateke sentsoreak, ez baitago gune apropos bakarra bibrazio hori jasotzeko.

Hori ikusita sistema sinpleago baterantz zuzendu dituzte ikerketak. Sentsoreak autoaren aurrealdeko esekiduran bakarrik jarri dituzte. Horrela, gidariaren eta albokoaren buru inguruan zarata nabarmen txikiagotzea lortu da.

Autoaren gainerako tokietan ere zarata gutxitu nahi izanez gero, transduktore eta bozgorailu gehiago jarri beharko lirateke. Horrek jasotako seinaleen konplexutasuna asko handiagotuko luke eta seinale guztiak koordinatzea askoz zailagoa izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia